Forcadellen aurkako kereila jarri du Kataluniako fiskal nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko urr. 20a, 00:00
Madrildik eskatu bezala, Carme Forcadellen aurka jo du Kataluniako fiskal nagusiak. Parlamentuko presidentearen aurkako kereila aurkeztu du Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean, desobedientzia eta prebarikazio delituak egin dituelakoan. Auzitegiak erabaki beharko du orain salaketa onartu edo ukatzen duen. Erakunde subiranistek elkarretaratzeetara deitu dute gaurko.

Prozesu Konstituziogilea Aztertzeko Batzordearen ondorioak parlamentuko osoko bilkurara eramateagatik jarri diote kereila Forcadelli. Uztailaren 27an izan zen hori: Junts pel Siren eta CUPen botoekin, legebiltzarrak oniritzia eman zien batzordearen iruzkinei; besteak beste, ezinezkoa zela Kataluniaren erabakitzeko eskubidea Espainiako legediaren barruan aitortzea, eta, beraz, zilegi zela prozesu konstituziogile, demokratiko, herritar eta lotesleari» ekiteko.

Konstituzioa «gutxiestea»

Fiskalaren arabera, parlamentuko mahaiak aldez aurretik ukatu egin zuen ebazpen hura egun horretan bozkatzea, baina Forcadellek «jakinaren gainean» erabaki zuen gai zerrendan sartzea. Kereilan, Ciutadans eta PP alderdietako bozeramaileek egun horretan egindako adierazpenak aipatzen ditu: biek argudiatu zuten bozketaren helburua zela legealdi hasieran onartutako ebazpen independentista indarrean sartzea. Ebazpen hura indarrik gabe utzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak abenduan.

Kataluniako fiskalak bere egin du Ciutadans eta PPren bertsioa. Forcadellen erabakiak Konstituzionalaren epaiarekin «aurrez aurre talka» egiten duela argudiatu du, baina hark bere kargua baliatu zuela «bere proiektu politikoa egintza bururatuen bidetik» aurrera eramateko. Ekintza horrekin, «1978ko Konstituzioarekiko erabateko gutxiespena» erakustea leporatzen dio, eta «Kataluniako Parlamentuaren eskumenekin inolaz ere bat ez datorren ebazpen bat» gauzatu nahi izatea.

Osorik irakurri