Noizbait, garaipenen bat

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko aza. 8a, 00:00
AEBetako publikoak aski eta sobera ezagutzen du Hillary Rodham Clinton (Chicago, Illinois, 1947). Bere lehiakidea elite ekonomikoetatik sortua den bezalaxe, Clintonek elite politikoen inguruan igaro du bere bizitzaren zati handiena. Botereguneei itsatsita egon da beti: Bill Clintonen emazte, Barack Obamaren Estatu idazkari... baina ez sekula zuzenean boterean.

Klase ertaineko familia kontserbadore batera jaio zen: aita tradiziozalea eta antikomunista amorratua zen, eta Clintonek ere, gaztetan, hautagai errepublikanoak babestu zituen boluntario gisa. Ustez mugimendu metodistak hurbildu zuen eskubide zibilen aldeko mugimenduetara eta Alderdi Demokratara. Yale Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten ari zela ezagutu zuen Bill Clinton, gerora bere senarra eta AEBetako presidentea izango zena.

Bere senarraren agintaldian, ordura arte presidenteen emazte gehienek izandako esku hartzea baino handiagoa izan zuen. Bill Clintonen kide hurbilenetakoa zen, eta jendaurrean adierazten zuen agenda politikoari buruz zuen iritzia. Besteak beste, osasun sistema erreformatzeko ardura hartu zuen, baina aurki leporatu zioten kutsu pertsonalistegia ematea haren jardunari; Alderdi Demokrataren barruan ere bizkarra eman zioten hainbatek.

2008an, Barack Obamaren aurka lehiatu zen alderdiko primarioetan, baina ezinezkoa zitzaion hari irabaztea. Obamak ez zekarren motxilarik; esperantzaren eta aldaketaren aurpegi gaztea zen harena. Clinton, aldiz, jarraipenaren sinboloa zen: iragandako gobernu baten itzala zekarren, eskandaluak are gehiago ilundua.

Oraingoan, jarraipenaren irudi horrek ez dio hainbeste kalte egin. Clinton ez da etorkizun berri baten irudia, baina gutxienez egonkortasuna iradokitzen du; aukera segurua da Trumpengan esperimentu arriskutsuegi bat ikusten dutenentzat. Baina zailtasunak ere baditu: ez ditu erakartzen demokrata gazteak eta ezkertiarrak, ezta afro-amerikarrak ere; «lehenbiziko emakume presidentearen» promesa ez da aski haien ilusioa pizteko.

Clinton aurrez irudikatzeko moduko presidentea da; merkatuek eta lobby-ek badakite nola jokatuko duen, eta horrek segurtasuna ematen die. Baina hori ez da derrigorrean zerbait ona, Clintonek nazioarteko gatazketan izandako esku hartzeari erreparatuz gero. AEBei munduaren ordena zaintzeko funtzioa dagokiela sinesten dutenetakoa baita presidentegai demokrata.

Osorik irakurri