Udaberri lapurtua

Erabiltzailearen aurpegia

Zerbait aldatzen hasi dela dirudi. Ateratzeaz mintzo dira agintariak larunbatetako prentsaurrekoetan, eta denok, automatikoki, geure burua kanpoan irudikatu dugu. Baina burua zer den: ateratze hori nekez lotzen dugu gure kaleko baldosen —bestela ere azken asteotan egin dugun bide bakarraren— forma ezagunarekin. Urbasara atera nahi dugu, kanpinera, nahi baino urrunago bizi diren senideen herrira.

Deseskalatzea progresiboa eta tentuzkoa izango dela diote Madrilen, baina askoren pentsamenduek ez dute progresiorik nahi, jauzika funtzionatzen dute: harrapatuta gaude, edo ez gaude harrapatuta. Sakrifizio kolektiboaren izenean hartutako jarrera kontsekuenteak eta #NiEtxeanGeratzenNaiz estoikoak euren mugara iritsi dira. Irekiera aipatzearekin bat, pazientzia amaitu da, eta hilabete eta erdi honetan pilatutako erresumina filtratzen hasi da ertz guztietatik. Naturala da: ezinezkoa da norbaiti behartutako itxialdi bat ezartzea eta bertatik arrangura izpirik gabe aterako dela espero izatea. Publizistek eta influencer-ek asmo onez sustatu dituzte halako optimismo exajeratu batez beteriko mezuak, itxialdia «gerta zitekeen gauza onen» izan dela argumentatzeraino, sei asteotan sushia egiten ikasi dutelako eta liburu bat irakurtzeko astia hartu dutelako. Baina ez: batzuetan, hobe genuke gertatzen zaigunari hitzak jarri eta onartu haserre gaudela.

Udaberria lapurtu digute.

Frustrazioak, ordea, gutxien merezi dutenen aurkako bidea hartzen du maiz. Haurren irteera da adibide: kalea atseginagoa da eurak bertan dabiltzanetik, hiriak desmamutzeko urrats bat izan delako bizitzari espazioa hartzen uztea. Pentsatu nahi dut hurrengo fase bakoitzak ere bizitza apur bat gehiago itzularaziko duela gure auzo zonbietara, eta gai izango garela pozak zein haserreak ateratzeko, gure erresuminaren zama aldamenekoari kargatu gabe.

Osorik irakurri