'Irrisbalatzea'

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko uzt. 3a, 00:00

Beti sortu dit harridura gauza batzuen aurrean muturreraino eskandalizatzeko daukagun gaitasuna, beste batzuekiko erabat hotz gera gaitezkeen une berean. Kuadrillako bi adiskide hauteskundeei buruz ari gineneko aldi haren antzera, hirugarren bat isilik begira geneukala. «Jo, badakizue?», esan zigun, naturaltasun osoz, elkarrizketak amaitzeko itxura zeukala ikusi zuenean: «Gustatuko litzaidake gai hauek zuei bezainbeste interesatzea. Baina, egia esan, irrisbalatu egiten zaizkit».

Adiskidearen zintzotasun bera bageneuka, onartuko genuke guri ere, unearen arabera, irrisbalatzen zaizkigula berez garrantzitsuak direla badakizkigun gai ugari. Duela lauzpabost urte lilura erabatekoa eragiten zigun Kurdistan hartara begira, nor geratzen ote da gaur egun? Nor eskandalizatzen da Turkiak dagoeneko konplexu oro galdu duelako —lehendik ere gutxi izanik— eta mundu osoaren begiradaren aurrean —edo hura beste alde batera begira dagoela probestuz— sarraskia eragiten ari delako? Non geratu dira aste batzuetan denoi eskuak burura altxarazi zizkiguten Zaldibarko zabortegiaren kudeaketaren inguruko kezkak?

Irudipena ematen du ikusten ez duguna ez dela existitzen. Ia lau hilabete dira koronabirusa beste gairik ez dagoela: albistegietan, nazioarteko berrien sailek gehienez ere birusaren datuak beste herrialdeetan nola dauden azaltzen digute. Jendearen egiazko kezkak hondartzetako itxieretan eta kontzertuetako formatuetan daude. «Normaltasun berria» aipatzen da, gainerako guztiak atzean geratu balira bezala, birusaren aurreko bizitza bateko postal zaharkituen antzera. Ia edukazio txarrekoa dirudi birusa ez den ohiko gairen bat hizpidera ateratzea. Baldarra izan behar baita betiko gaiekin matraka emateko, noiz eta mundu mailako pandemia bat pasatu berri dugun unean. Labainegiak zaizkigun gaietatik begirada apartatzeko hain une egokian gaudenean.

Osorik irakurri