Pasaportea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko mar. 19a, 00:00
Ez pentsatu elefante batengan. Izenburu hori ipini zion George Lakoffek bere liburu bati, boteretsuenen botere handienetako bat deskribatzeko: besteei euren pentsamendu-markoak ezartzeko gaitasuna. Ez pentsatu elefante batengan esan, eta ezinezkoa zaigu elefantea ez irudikatzea. Hortik aurrera esango dugun oro piztiaren bueltan esango dugu.

Pandemiak bizitza soziala standby-n utzi zuenetik, antzeko zerbait gertatzen zaigu; esate baterako, albistegietan ez-festei buruz mintzo diren bakoitzean. Pentsatzen dut komunikabide batzuek urte hasieratik izango zituztela herriko festei buruzko erreportajeak programatuta, eta, jaien faltan, ez-festa delakoei buruzko piezak argitaratzeari ekin ziotela, irizpide periodistiko kuestionagarri samar bati jarraika: errealitateak ez diezadala aurrez planifikatutako kontakizun bat izorra. Kasualitatez, pieza horietako narratibak ongi ematen zion gobernutik zetorren diskurtso bati: herritarrak ardurarik gabe jokatzen ari zirelako ari zela koronabirusa zabaltzen. Akaso hori izan da gure elefantea hilabeteotan.

Orain, mugek itxita jarraitzen dute, eta gehientsuenok onartu ditugu neurriok: gauza okerragoak pasatu ditugu on kolektiboaren izenean. Baina badator eguraldi ona, eta ez-festei buruz bezalaxe hasi zaizkigu ez-oporrei buruz hizketan. Europako Batasunak pasaporte immunitarioa sortu nahi du, txertoa jasotzeko edota PCR probak ordaintzeko baliabideak dituztenek bederen turismoa egitera joateko aukera izan dezaten.

Jende gehienarentzat, baina, ez-oporrak izaten jarraituko dute; telebistan ikusiko dituzte turistak gorrituta, eta kutsatze datuek gora egiten dutenean berriz entzungo dute arduragabekeriaz jokatu dutela. Zer esanik ez EBtik kanpoko herritarrentzat; pasaporteak ez baitu inoiz mugitzeko askatasuna sinbolizatu, alderantziz baizik: desplazatzeko ezintasun eta mugen froga da haren existentzia, batez ere.

Osorik irakurri