Desiragarria eta posiblea

Nabarmentzeko bi albiste azkenaldian: Otsailaren 4an, Hagako Auzitegiak gerra krimenengatik epaitu zuen Dominic Ongwen, Ugandako LRA armadako komandantea. Hilketak, torturak, adingabeen bahiketak eta bortxaketak daude leporatzen zaizkion 70 delituen artean. Haren defentsak argudiatu du, baina, Ongwen bera ere gerraren biktima dela: haurra zela bahitu zutela LRAkoek, eta indarrez moldatu zutela euren mundura, gerrako jauntxo bihurtzeraino.

Bigarren albistea, bost egun lehenago: Kolonbiako Bakerako Justizia Bereziak antzeko delitu-zerrenda baten arduradun jo zituen FARCeko agintariak. Karguak ukatuz gero, hogeina urteko espetxe zigorra jaso dezakete; aldiz, aitortuz gero, 5 eta 8 urte arteko etxeko atxiloaldia bete beharko dute, eta gizarte lanak egin. Akusatuek esan dute prest daudela neurriak onartzeko, «biktimen erreparazioaren» izenean.

Gatazka handiei buruzko hainbat galdera etiko zabaltzen dituzte bi albisteok, nork zer epaitu behar lukeen alde batera utzita (zerbaitengatik leporatzen zaio Hagari munduko «pobreen auzitegia» izatea): zein zigor eskatzea ote den desiragarri, zer egoki eta zer posible egoera bakoitzean. Pentsaera punitibistak, tripetatik mintzo zaigunak, dio zigor justu batek eragindako kaltearen adinako sufrimendua eragin behar liokeela egileari; batzuentzat hori izan daiteke desiragarri. Baina agian, dimentsio indibidual oro gainditu duten gatazketatik ateratzeko, eskaera horiek ez dira egokienak. Egindako kaltea aitortzea bada helburua, egileentzako kostu pertsonal handiegia dakarten zigor eskaerek kale itsu batera eramango gaituzte, inor ez delako halako prozesu batean inplikatuko baldintza horietan. Eta, ziurrenik, desio horietako batzuk ez dira posible ere: eskaera gisara, absurdoa da talde bati bere izateko arrazoia kuestiona dezan exijitzea. Aurrera egin nahi duenak, besterik desiratu arren, badaki hori.

Osorik irakurri