Zutabe berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko uzt. 16a, 00:00
Euskaltzaindia autokontzientzia eta autokontsumo etnokulturalean murgildutako alien jubilatu plantilla batek osatzen zuela uste bazenuten, oker zeundeten. Aurreabisurik gabeko eguneraketa baten bidez, tonaka hitz berri onartu ditu esplizituki. Denboratxo bat behar da kontzeptuen txorrotada monitorizatzeko, eta agian elkargokide zaharkituenek antsiolitikoren bat beharko dute psikotropiko, putakeria eta prostitutuen atalera iristen direnean euren artegagarritasuna autorregulatzerik lortzen ez badute; baina, dedio, estankotasunetik urruti, Euskaltzaindia sinbolikoki deskonfinatu da, sozialki errekonozitutako hitzak esplizitatuz. Orain, erraketistek kontatu ahal izango dute lehen sistematikoki erabiltzen zirela epidurala eta enemak erditzeetan. Portzierto: azken urteotan kohesionatu dugun jendilajea ere ispilatzen du zerrendak. Historikoki indibiduo bortxaezinak ginelakoan gaixotu ginen masiboki koronabirusa heldu zenean, batzuk arnasgailuei lotuta eta besteak smartphoneari eta jengibre infusioei zupaka, birgizarteratzeko zain. Gulag identitario batean bizi gara, antza: naziogintzaz mintzo diren hirueledun independentziazaleak gara mentalki, erakundetze berdinzale bat erreibindikatzen, baina gero, paradoxikoki, denok gara oposiziogileak, kalamidadeok. Egonkortzeren bat hitzematen digun edozeri eusteko prest gaude; finean, haurrak eskolaratu, koltxa nordikoak erosi eta asteburuetan poneyean ibiltzera eraman behar dira, eta mandatugilearen prestazioak ez du ematen egunero albornozetan foie pintxoa jateko. Gaintentsio desnaturalizatzaile batean bizi gara espoliazio sistematiko honen ondorioz, eta desintoxikatu beharra daukagu heteropatriarkatutik: patriotismo queer bati heldu, oxitozina eta polboroi luzexkak biralagoak izango diren bizigarritasun baten bila. Damutzerik ez, gero.

Osorik irakurri