Oinez

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko uzt. 30a, 00:00
Kirolzale ez garenok irrikaz hartu ohi ditugu Olinpiar Jokoak, diziplina ezezagun guztien artean agian deskubrituko dugulakoan behingoz gure kirola. Nik aurten topatu dut nirea izan zitekeen bat. Tamalez, ez dira Tokion jokatzen ari: horretarako XIX. mendeko Estatu Batuetara egin beharko genuke jauzi; jendea hirietan pilatzen ari zen garaira, hiriek aisialdirako espazio egokirik ez zeukatenera. Hantxe jarri zen modan pedestrianismoa, oinezkoan lehia.

1861ean, Edward Weston atez ateko liburu saltzaileak apustua egin zuen adiskide batekin: baietz Bostondik Washingtonera oinez iritsi, Lincolnen kargu hartzerako. Hamar egunean 769 kilometro egin zituen, eta erronka ikuskizun bihurtu zen: jendeak txaloka animatzen zuen bidean, martxan jan eta ia lorik egiten ez zuen bitxikeria hura ikusteko grinaz. Garai hartako nerabeek euren egunerokoetan aipatzen zuten.

Weston ez zen garaiz iritsi kargu hartzera, baina bai ondorengo dantzaldira. Ez zuen diruzko saririk jaso; bai, ordea, kakahuete zorro bat eta arreta mediatiko izugarria. Urte gutxiren buruan, fenomeno sozial bihurtu ziren oinezkoen lehiaketak: espazio irekietan bakarrik ez, estadioetan ere elkartzen zen jendetza, bere izarrak hainbat egunez borobilean oinez ikusteko. Babeslez, entrenatzailez eta fisioterapeutez inguratuta agertzen ziren haiek. Gaur egungo martxaren bertsio dibertigarri bat zen: askori xanpaina edateko aholkatzen zieten, estimulagarria zelakoan, eta 25.000 dolarrerainoko apustuak egiten ziren; nork irabaziko, nork lehenago utziko. Hori bai: pedestrianismoa beste edozein kirol bezain matxista izanik, lehiatzen ziren emakume gutxiei boikota egiten zitzaien. 1864an, ikusleak Emma Sharp drogatzen saiatu ziren bere ibilbidea ez bukatzeko. Ondorioz, azken bi egunak pistola batekin egin zituen, sei egunetan 1.600 kilometroko bidea amaitzeko.

Oinez, xanpain kopa bat eskuan eta bestean pistola bat. Ez dakit zer ikusten diozuen futbolari.

Osorik irakurri