Hogeitalaugarrenean… ai ene, ai ene!

Erabiltzailearen aurpegia

Azken asteotan Garrastazutarrek Talaimendin legez kanpo eraiki eta urbanizatu duten Etxetzarra gerrarako prestatu dute: legez kanpoko itxiturak zer esan nahi dute? Mito berri baten hasiera ote?

Inbasio bati aurre egiteko pelikulako irudiak edota maniobra militar batean erabilitako itxiturak diruditen arren, hesiok Zarautzen jarri dira. Hain zuzen, Garrastazu andereak baimendu eta aurrera eramaten duen enegarren ekintza. Egoera are eta larriagoa bihurtzen da bera urbanismo zinegotzia izaki, ekintzok Babestutako Eremu natural batean gertatzen direnean (Iñurritzako KBE, ZEC), besteak beste, 100 urtetik gorako auzo bide bat itxiaz.

NARROSeko MARKESa

Guzti hau NARROSeko MARKESaren baimenarekin (bide hau dagoen lur sail hauen jabea), legez kanpo egindako “zuhaixka batzuren landaketa baimentzea” aitzakia hartuta, herritarron aurka egindako eraso larri hau baimendu dutelarik. Hesi lotsagarri hauen jomuga garbia da: parapentezaleak uxatzea. Izan ere, hauek hainbat epaiketa prozedura martxan dituzte, Aiako Udalaren aurka, baita Etxetzarraren promotoreen aurka ere, Etxetzarra legeari jarraiki eraistea helburu. Honela, Beastegi eta Talaimendi gainak oinezkoentzako berriz ere irekitzeko zabalduko litzateke, egun Etxetzarrak inbaditua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere isiltasuna eta inaktibitateaz herritarron interesak ez dituzte defendatzen, ingurugiro eta urbanismo arloetan. Haien egitekoa, legezkotasuna eta etika aldera batera utzirik,   egoera manipulatu eta berbideratzen dute dagoeneko aski ezaguna den Garrastazu Aranguren familiaren “ez-ohiko konposizio familiarra”ri zuritu ezin litezkeen ekintzak argudiatuz: urbanizatu ezin daitekeen babes eremu berezian urbanizatu eta eraikitzeko  baimenak eskuratzea.

Hau guztiaren aurrean, halabeharrez sortzen dira baimen honen gaineko galderak, zergatiak… halako astakeria administratiboaren ardura eta errespontsabilitatea norena den argitzea, bai urbanistikoki, bai ingurugiro aldetik… 

INGURUMEN SAILAren isunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ingurumen sailetik hain zuen, hainbat isunen mehatxupean parapentezaleak izutu nahi dituzte. Ez da harritzekoa. Etxetzarraren promotoreak bultzatu dute ekintza hau, NARROSeko MARKESaren (edo legezko onordekoen) lurretan egindako legez kanpoko landatzea bezalaxe. Harrigarria da, familia honek historikoki herritarrokin izan duen begirunea nola hautsi duen, gerra garaiko irudiak presente eginez, oinezkoen pasabidea erabat ostopatuaz. 

BEASTEGI GAINA

Egun, Beastegi gaina Foru Aldundiak berak begiraleku publiko bezala izendatua dauka eta bere informazio instituzionalean halaxe zabaltzen du paperean nahiz modu digitaletan. Natur ingurunea, estetika pobreko egur zati, estaka, txarrantxa, legez kanpoko itxitura eta kamerez josi dute Etxetzarra eta urbanizazioa egin dutenek. 

Horrenbeste txarrantxa, makil eta txerrikeriaz inguratuta, etxetzarrak kaiola bat dirudi eta txoriak, ez daude barruan. Beronen gainetik hegan egiten dute… eta itxuraz, jabeei itzalak ere molestatu egiten diete,  jabegoaren eskubideak zerurantz, ortzimugaraino artekoak bailiran.

Beharbada, Narros jauregiaren kondaira berria ez da higanote batena izango, San Bartolome gauez abuztuaren 24ero, gela urdinaren inguruan entzuten ei dira bere orruak… “ai ene, ai ene! Hogeitalaugarrena San Bartolome!”

Beharbada kondaira berria Beastegi gainean ari da lekutzen, berauen kudeatzaileen eskutik.