Ur-suila

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2016ko eka. 3a, 10:37

Ur-suila? Zer da ur-suila?

Igarkizun baten bidez aurkeztuko du bere burua:

Iturrirako bidean, barrez-barrez;
etxerako bidean, malko-negarrez.

Iturritik etxera ura ekartzeko erabiltzen zen ur-suila. Iturrirako bidean. ontzian geratzen zen ur-txilistak egiten zuen soinuagatik zihoan barrez-barrez; itzuleran, gainezka eginda isurtzen ziren ur tantoengatik malko-negarrez.

Ur-suila buruaren gainean eramaten zen, eramaten zuten emakumeek, emakumeen lantzat hartzen baitzen etxera ura ekartzea, emakume gazteen lantzat, maiz.

Burua babesteko buruaren gainean solkia (edo burukotea) jarri, hartu gainean urez betetako suila, eta etxera!

Ur gehiegi ez isurtzeko burua tente, eta, bide batez, mundu guztiak ezagutzen zuen ezkutuko tranpatxoa: uraren gainean piku-hosto bat zabal-zabal jarrita.

XX. mendearen hasiera arte ur-suilak behar-beharrezko etxeko tresnak ziren, ez baitzegoen txorroko urik etxeetan (ez bazen handikienetan), eta edateko ura iturrietatik ekartzen baitzen horretarako egindako ontzi berezietan. Ontzi horiei hainbat izen eman zaie Euskal Herriko beste hainbat lekutan: errada, edarra, perrada, suila, ur-suila… Zarautzen usula du izena, eta horrekin argitua geratzen da (edade bat dutenentzat, behintzat) zertaz ari naizen; zurezko ontzi batez ari naiz, barrikatxo txiki baten erdiaren antzekoa, estuagoa goikotik eta zabalagoa ipurdiaren aldean.

Etxean eta kanpoan erakusten zen tresna izanik usula, nabarmentzeko balio zezakeen, norbait etxe onekoa zela erakusteko. Letoizko uztaiak izan zitzakeen, edo ontzi osoa letoiz forratua egon. Gainera, etxera zetorren edonori harrera egiteko ura eskaintzea gizabidezkoa zenez, etxe barruan ere erakusten zen, eta, beraz, urrezkoa balitz bezal zaindu eta distiratsu jarri behar zen. Amaginarrebak kontatuta dakit Nafarroako baserriren batean etxeko indianoak ekarritako perradako ontzia (ura zerbitzatzeko erabiltzen zen katilutxo kirtenduna) zilarrezkoa zutela, eta horrek ematen ziola distira eta ospea baserri osoari.

Baina ez ziren bakarrik zilarrak eta letoiak garbitu beharrekoak. Burdinazko uztaiak ere distiratsu edukitzekoak ziren, eta ozpinez eta gatzez garbitzen ziren (etxean), edo azeri-buztanez eta harea-harriz errekan, edo iturrian bertan. Usularen uztaiak distiratsua edukitzea etxekoandrearen izen onari zegokion zerbait zen. Hala dio abestiak:

Goiko kaleko Joxepaneko Maddalen
atzo goizean iturritikan zetorren,
esanaz
etxeko lanak zaudela danak eginak,
baina usularen uztaiak zauden zikinak.

Etxe ona zela erakusteko, ontzi ona erakutsi behar, eta etxekoandre taxuzkoa zela adierazteko, ontzia txukun-txukun behar. Baina, benetan etxe oso onekoak zirenak ez zuten zer joanik iturrira: etxean zuten ura. Halaxe omen zuen Narroseko markesak aspalditxotik. Oker ez banago, Igerain baserritik gora zuen iturburu bat, bere kaseta eta guzti, eta handik iristen zitzaion ura jauregiraino. Gauzak, ordea, ez dira beti behar bezain zuzen joaten, eta halako batean urik gabe geratu zen.

Herriko linterneroa bidali zuen uraren kontu hura konpontzera (bitxia da linternero, linternak egiten dituena, deitzea iturginari, baina horrela da ohitura Zarautzen), eta iturginak aztertu zuen gertatzen ari zena, eta konturatu zen orbelak ubidea itxi eta horrek eragozten ziola bidea urari: huskeria bat, eskuz garbitu orbel haiek eta etxera!

Egindako lan horren faktura egitean nik ezagutzen dudan kontzepturik politena jarri zuen Zarauzko linternero hark fakturan:

Por ir y venir y no hacer nada…

Alegia, hainbat pezeta ordaindu beharra zegoela joan, etorri eta lanaren izena ere merezi ez zuen zerbait egiteagatik.