'Ardum'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2017ko urt. 19a, 13:07
"Aritu naiz mahasti-lanetan latinaren kutsua duen hitz zenbaiten bila...".

Aymeric Picaud XII. mendearen erdialdeko monje erromes bat izan zen. Done Jakuerako bidean, euskaldunen lurrak zeharkatu zituen eta gure hizkuntzaren berri eman (Codex Calixtinus). Ez zitzaion atsegina egin euskaldunen hizkera: hitz egiten entzunez, zioen, zakurren zaunka datorkizu gogora.

Gero, zenbait hitz (beretzat harrigarri) aipatzen ditu: Deum uocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, uinum ardum… (Jainkoari deitzen diote Urtzia, haren amari Andrea Maria, ogiari ogui, ardoari ardum…)

Neu ere harritzen nau ardum horrek. Badirudi erromatarrek (edo latina hitz egiten zuten monjeek) ekarri zituztela mahastiak Euskal Herrira, baina ez mahats ez ardo ez dira latin kutsukoak. Eta nik diot, gure mendietako zuhaitz basatienari izena aldatzeko indarra izan zuten erromatar haiek (fagus, hortik gure pagoa), nolatan ez zieten izen latina eman ardoari eta mahatsari?

Hizkuntzek dituzten misterioak.

Aritu naiz mahasti-lanetan latinaren kutsua duen hitz zenbaiten bila, baina ez zait gauza askorik bururatu, txermendu ez bada. Negu amaieran mahastia txukundu behar izaten da, bere onera ekarri hurrengo urteko uzta bideratzeko. Aihen luzeren bat lurrean sartu landare berri bat sortu nahi den lekuan (murgoia egin esaten zaio), eta soberan dauden aihenak inausi edo podatu. Inausketa egin ondorengo lurreko mahats-aihen zatiak dira txermenduak, latinezko sarmentum izenetik datozenak, eta, garai batean, arkume saiheskiak erretzeko ospe handia zutenak.

Esan behar dut gogoeta horietara eraman nauena Anduk duela aste batzuk Berriako bere leihotxoan aipatutako hitz bat izan da: txordoka. Han esaten zuen zer zen txordoka-mordoka aritzea, alegia, mahats-biltzea egin ondoren libre izaten zela mahastietara joan, eta han geratzen ziren mahats-mordo txiki ahaztuak norberak (umeak, eskekoak, behartsuak…) biltzea.

Txordoka atzendu horrek adierazi zidan mahasti-lanetan erabiltzen zen zenbat hitz galtzeko zorian dauden. Gogoratzen dut etxean likidoak ontzi batetik bestera aldatzeko erabiltzen zen tresnari inbutu deitzen zitzaiola txakolin-muztioa bokoira botatzekoa izan ezik; ari onila deitzen genion. Zurez eta eztainuz egindako onila desagertu da gure begi bistatik, eta hura bezalaxe suilak (usulak), bordolesak eta kupelak eta haiei ziri batez ixten zen zuloa egiteko ginbeletak. Eta tresnak bezalatsu joan dira ohiturak ere: mahats-biltzeak auzolanean egitea, txordokak biltzea… eta beste hainbat.

Garai batean, beharbada, pobrezia handiagoa izan ohi zen herrietan, baina, bide batez, baziren hiritartu gabeko herri txikietako jendeen arteko erlazio xamurragoa. Hor sartzen ziren uzta bildu ondoren (gari, artoa, mahatsa…) izan ohi zen baimena geratuko txamarrak biltzeko eta antzeko jokaerak. Getariako arrantzale-kofradiakoek eta antxoa-kontserbagileek, esaterako, antxoa sobera zutenean, erregalu ematen zieten Zarauzko Miserikordikoei. Zenbaitetan, hainbeste antxoa ezin jan eta lurraren ongarri erabiltzen zuten.

Gogoratzen dut bazela Miserikordiakoek ibiltzen zuten mahasti bat Salbide auzoan (gaur Kabi-sorta dagoen lekuan hor nonbait), eta hara joaten ziren antxoen soberakinak, eta salbidetarrok berehala sumatzen genuen hori geure sudurretan. Mahasti hura sekula ikusi dudan berdeena zen, parral altukoa eta hostotsua, baina ez dakit behin ere heldu ziren behar bezala hango mahatsak: ongarri gehiegi!

Bada kondaira bat esaten duena izan zirela Zarautzen angulekin ongarritutako baratzeak, baina nik ez dut sekula sinetsi.