Iritzia: ‘Balioa’

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2018ko urt. 25a, 10:57

Behin baino gehiagotan, liburu batek eraman ohi gaitu irakurritakoak adierazten duen unera edo lekura; baita hark duen giroa ezagutzera ere. Gerrako liburu bat irakurri berri dut, eta Iruñera eta aurreko mendeko 36-39 urteetako girora eraman nau, gerra garaiko Iruñea ultra katoliko eta ultra errekete batera.

Egileak behin baino gehiagotan errepikatzen du esaera zahar bat (Gerla urte, gezur urte) adierazteko gerrate garaietan gezurra beste arma bat izaten dela, askotan benetako armak baino kalte gehiago egiten duena epe luzera. Dena dela, nik esango nuke gezurra bera baino kaltegarriago izan ohi dela gerra garaian zenbatetaraino iristen den pertsonen ankerkeria, eta zer gutxi balio duen pertsona baten biziak. Horixe agertu nahiko nuke idatzi honetan.

Gerraren arrastoak gure geografian agertzen dira urte asko pasatu ondoren, batzuetan ahaztu samarrak baditugu ere. Kostaldean, esaterako, hor dugu gerra karlisten adierazgarri Zarauztik Garate gainera iritsi aurretik dagoen dorre itxia, aterik gabekoa, gertakizun izugarri baten lekuko. Zestoako Danbolin aldizkariak argitaratu zuen duela zenbait denbora, Joxe Ertxiñen traktoretik atalean gertakizun hori; elkarrizketa, transkripzioa eta moldaketa Manuel Arregi eta Jon Artanorena da, eta zati bat nahikoa da gertatuaz jabetzeko:

“(…) Behin kontatu zigun pasadizo nahiko gordina. Karlistaldi garaian, gerran zeudela, etxe bakoitzetik lagun batek joan behar izaten zuen Getaria aldera frentera. Getariako partean, Meaga gainean edo inguru horretan omen zegoen frentea.

Gure aittitta joaten zen Ertxiñondotik, hamahiru-hamalau urteko mutil-koskorra. Hura 1862an jaioa zen, beraz 1875 ingurua izango zen. Lubakiak egiten eta jarduten omen zuten han.

Egun batean kontu gogorra gertatu zela kontatu zigun. Meaga eta Garate aldeko ez dakit zein etxetan, ez daukat gogoan… Ba, etxe hartako gizon zaharra soroan, artajorran ari omen zen.

Inguru hartan soldaduak omen zeuden guardian, soldadu karlistak, alegia. Une hartan lasaitasuna egongo zen nonbait, eta soldaduak aspertuta, egonean.

Soroan ari zen agurea ikusita, soldadu batek besteari esan omen zion:

–Azunbre bat ardo jokatuko diat. Tiro batekin bota baietz agure hura!

–Ezetz –besteak.

–Baietz.

–Bota.

Listarizko hariarekin egindako poltsatik ez dakit zenbat txanpon atera omen zituzten, azunbre bat ardok balio zuena. Aurreratu omen zen pixka bat, soro aldera joan, eta bau! tiro egin omen zuen.

Gizona hantxe artasoroan plast! erori eta, han gelditu omen zen luze-luze arto artean.

–Hutsa adinean geratu duk!, –esan omen zuen soldaduak–. Ardoa edan behar diagu orain!

–Benga azunbre ardoa.

Azunbre ardogatik apustu egin eta gizona tiroz bota, alajaina.

Azunbrea likidoen neurria da, pitxerkada bat edo… Pitxer hori ez dakit ba, zenbat izango den, bi litro eta erdi edo… (…)”.

Zarautzen ahoz aho etorritako kontakizunak dio Kajuategiko aitona zela tiroz hil zuten artasoroko gizon hura.

Zenbat balio du pertsona baten biziak gerra garaian?

Aditu izan dugu hor nonbait, gerra edo bortxa larrian dabiltzan lurraldeetan, hamar dolar nahikoa direla norbait
begien aurretik kentzeko. Ez dago urrutira joan beharrik gizakiaren ankerkeria ezagutzeko: nahikoa Garate gainera igotzea.

Azunbrearen neurria bat bi litro baino askoz gehiago ez omen da.