Puntuka

Zuhaitzak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2024ko urt. 11a, 13:00
Zarauzko Klabelinsoro auzoko zuhaitzak. (Zarauzko Udala)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Urte zaharretik urte berrirako muga zeharkatzen dugun egun hauetan bada ohitura bat: etorkizun dagoen urterako asmo onak egitea. Usadio hori, beste hainbat gauza bezalatsu, Babiloniatik omen datorkigu, eta baditu, dagoeneko, lau mila urte. Ez dakit egia ote den, baina kontatu didaten moduan kontatuko dizuet.

Garai haietan martxoan hasten zen urtea (udaberriarekin hasten da landareen berpiztea urtero), eta hala izan zen 1582. urtera arte; orduan, Gregorio XIII. aita santuak ezarri zuen orain darabilgun egutegia, urtarrilaren batean urtea hasten duena.

Tira, bada, Babilonian urtearen hasiera hori (martxoan) behar bezala ospatzeko, hamaika eguneko jaialdia egiten omen zen (sanferminak eta aste nagusiak txiki geratzen ziren Babiloniako festen alboan), eta herritarrek zorrak kitatu, mailegaturik zeuzkaten diru eta ondasunak itzuli, eta beste asmo on sendoak egiten zituzten. Urteari ongietorria eman eta abentura berriak hasteko egunak ziren, baita parranda latzak egitekoak ere: edan, jan, dantzaldiak egin arropa bitxi edo maskarekin, desfileak eta arropa dotoreak jantzi… Bestalde, urtean egindakoaren kontaketa eta balantzea egiteko garaia izaten zen, eta, kontuak oker samar ateratzen baziren, ontzeko asmoa hartzeko unea, hurrengo urtea bide zuzenago batetik ibil zedin.

Badirudi ohiturak iraun zuela greziarren eta, batik bat, erromatarren artean, eta lau mila urte igarota oraindik tematzen gara proposito onak egiten urtearen hasieran, lau mila urteko esperientziak esaten badigu ere asmo on horietako gehienak ez ditugula beteko.

Beraz, egun hauetan jendeak pentsatuko ditu bere asmo onak, eta nik neureak. Esate baterako, 2024. urte honetan ere prest egongo naizela, aurrekoetan bezalatsu, zuhaitzez betetako herri eta hiriak aldarrikatzeko. 

Duela hilabete batzuk Josu Goikok aipatzen zituen Argia astekarian Hamabi arrazoi hirietan zuhaitz gehiago egon dadin. Ez naiz hasiko artikulu guztia kopiatzen, nahi duenak Argian bertan baitauka eskuragarri, baina bai egingo dut halako laburpentxo bat ikusteko zenbat diren zuhaitzek ekartzen dituzten onurak hirietara.

Zuhaitzak tresna egokiak dira hirietako tenperatura kontrolatzeko, hiri eta bulegoetako aire egokituzko tresneriak baino eraginkorragoak. Hirietako zuzeneko zarata murrizten dute zuhaitzek. Gainera, hirietako airea garbitzen dute, gasisurien kutsadura gutxiagotuz, eta hirietako airera oxigenoa erantsiz, hiriak oxigenatzeko, esan nahi da.

Zuhaitzak elementu eraginkorrak dira hirietako urak, euriak, erauntziak eta abar behar bezala kudeatzeko. Bizidunen osasun fisikoan eragin baikorra eta positiboa dute, baita osasun psikologikoa oreka egokian mantentzeko ere (esaterako, gizakiak zoriontsuagoak omen dira naturak inguratuta daudenean hirigune mortu eta inpertsonaletan baino). Gainera, zuhaitzek sortzen dituzte gune eta txoko bereziak hirietan, non errazagoa baita norberaren pribatutasuna gordetzea.

Zuhaitzaren aurka agertzen diren zenbaitzuk diote hiri soildua baso antzeko bilakatzea ekonomikoki karga handia dela. Zuhaitzak garestiak direla, handiegiak egiten direla eta mantenu handia eskatzen dutela, eta hiriko beste azpiegitura batzuk (estolderia, urak, argindarra, gas-hodiak…) mantentzeko zailtasunak sortzen dituztela (sustraiek espaloiak, harlauzak… harrotzen dituztelako), baina zuhaitz batek eman dezakeena ikuspegi globalagoan begiratu behar da, osotasun batean. Esaterako, zuhaitz bakoitza ekosistema minimo bat bezalakoa da, hegazti, intsektu, eta bizidun ugariren bizileku; zuhaitzek gutxiagotu egiten dute hirietako argi-kutsadura, eta azkenik, zer ederragoa zuhaitz bat baino, estetikoagoa, dotoreagoa?

Beraz, herriko arduradun jaun-andereak, egin asmo eder bat urte berri honetan bertan gauzatzeko. Ipini zuhaitz handi ederrak herriko bazter guztietan, orain, neguan; gero zailago da, eta errazago ihartzen dira hiri mortuko beroarekin.