Enbata hirugarren txandako buru

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2016ko uzt. 11a, 13:05

Pasa den asteburua oparoa izan da estropadetan. Asteazkenean Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu du Enbatak, eta larunbatean Donostian lehiatu zen, hirugarren txandako burua dela argi utziz.

 Enbata hirugarren txandako buru kontsolidatzen da

Enbatak ez zuen sorpresarik eraman 2016ko Gipuzkoako Traineru Txapelketan, Zumaian jokatu zena. 9. Postuan sailkatu zen, irabazle Hondarribitik 90 segundura. Oiartzun gailendu zitzaion eta atzetik Hibaika soilik utzi zuen. Dena den, Txapelketan parte hartu izanak Kontxako banderako sailkapenean jokatzeko aukera emango dio Enbatari, eta hau bera sari bat da.

Larunbatean Donostian jokatu zen IX. Donostia-Kaiarriba bandera. Bertan, Enbatak aurre hartu zion orain arte tandan etsai izan duen Santurtziri, 10 segundugatik. San Pedro eta Castro ere atzetik gelditu ziren. Hirugarren txandako lidergoa hartu duela esan genezake, sailkapen orokorrean Santurtzi oraindik puntu bat aurretik doan arren. Jaitsieraren manuari behin betikoz agur esateko abantaila du baita ere.

Tripulazioa honakoek osatu zuten larunbatean, popatik hasita eta hurrenez hurren, Gaizka Garmendia patroia, Edgar Tamellini eta Unai Agirre, Iñigo Areizaga eta Imanol Tubia, Julen Eraso eta Aitor Saiz, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Imanol Eizagirre eta Oinatz Arretxe, Fermin Caminos eta Ibai Alkorta, eta azkenik Beñat Eizagirre proan.

 

Estropadaren balorazioa Edgar Tamelliniren eskutik

Honela baloratzen ditu bi estropadak Edgar Tamellini zarauztarrak:

“Asteazkeneko estropadan salida azkarra izan zen eta Oiartzunekin borrokan ibili ostean, narratsa zegoen zatira iritsi, arraunkera zertxobait galdu eta aurre hartu zigun. Ondoren arraunkera berreskuratu genuen baina ordurako ezin izan genien diferentzia jan. Bagenekien indartsu zebilela, beraz gure estropada jokatzera eta irten ginen.

Larunbateko estropadari dagokionez, irteera kaxkarra egin genuen eta Santurtzik bereahala atera zigun traineru t’erdi. Ziabogara 5 segunduko atzerapenarekin iritsi ginen. Arraunkera luzea hartu eta bigarren ziabogarako parean ginen, ordea. Brankako luzeetan adituak izan ez arren aparta izan zen hirugarren luzea eta bost segundu atera genizkien. Azkenik, poparean beste bost izan ziren eta gustura amaitu genuen estropada, tandako liderrak garela erakutsiz”.

Getaria-Zarautzen hurrengo estropada Gipuzkoako VII Traineru Ligako jardunaldia izango da, Orion gozeko 12:30tan. Egun eta leku berean izango da Enbatarena ere, neskena bukatu ostean.

Aupa Zarautz!

Zarautz, 2016ko uztailaren 11an