Getaria-Zarautz trainerua Zumaian irabazle

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2016ko abu. 1a, 18:04

Getaria-Zarauzko neskek, orain bi aste Zumaiko estropadarako jarritako helburua betez, estropadako bandera astindu dute, Donostiarrari 3 segundu eta Deusturi 24 segunduko tartea sartuz. Enbata ere primeran aritu da Lekeitiko uretan.

Getaria-Zarautz garaile Zumaian

Orain bi aste Izaro Lestayo, Getaria-Zarauzko patroiak aurreratu zuen, Zumaiako estropadako trapua etxera ekarri asmo zutela. Eta horrela izan da. Aurkari zuzen Hibaika eta San Juan, Euskotren ligan buru belarri egoteagatik Zumaiako estropada galdu zuten. Momentua aprobetxatuz, eta aurten maila oso ona ematen ari den Donostiarrarekin lehia gogorra izan ondoren, Ligako 9. Jardunaldiko bandera astindu eta etxera eraman zuten Getaria-Zarauzko neskek. Donostiarraren atzetik Deusto, Hernani, Hondarribi eta Colindresek amaitu zuten, hurrenez hurren.

Zumaiako tripulazio irabazlea honakoek osatzen zuten: Izaro Lestayo patroiak, Saray Caamaño, Aizpea Peña, Amaia Galdos, Elena Urresti, Alaine Bereziartua, Leire Larrinaga, Mar Larrea, Nerea Badiola, Ainhoa Iruretagoiena, Intza Fernandez, Jone Urbieta, Leire Lestayo eta Irati Azpeitiak.

Honako balorazioa egiten du Aizpea Peña (1993, Getaria) traineruko hankekoak:

“Espektatibak altuak genituen, bandera bila gindoazen. Egoera berria zen, Donostitik aurrez aurre geunden lehen aldia zen eta. Bagenekien lehen ziabogara aurretik iristen ginela eta gero denbora galtzen genuela. Beraz, lehen luzea ona egin eta gero mantentzeko beharraz kontziente ginen.

Lehen luzea oso ona izan zen, eta ziaboga primerakoa izan ez arren, 8 segunduko aldea atera genien. Bueltako luzean prezipitatuta joan ginen teknikoki eta tartea jan ziguten, baina irabazi egin genuen bandera eta oso pozik itzuli ginen etxera. Estropada eremua berezia da, alboko olatua du eta, baina guk Getarian horrela entrenatzen dugunez, irabazteko mentalizatuta atera ginen eta horrela egin genuen”.

Enbata ere emaitzarekin gustura

Enbatak saio bikoitza izan du iragan asteburuan Lekeitioko uretan, XXXI. El correo Ikurriña-BBK Sari Nagusiaren bi jardunaldiak ospatu baitziren bertan. KAE1 ligako 9 eta 10. jardunaldiak izan dira hain zuzen. Larunbatean Enbata 8. postuan izan zen amaieran, Santurtzi eta Orio bezalako aurkarien aurretik. Igandean estropada are hobea egin zuten, aipatu bi aurkariez gain, Hondarribia ere atzetik utziz. Santurtziko Soterarekin parekatuta daude orain ligako sailkapen orokorrean, 40 punturekin talde bakoitza.

Hurrengo estropadak

Hurrengo mutilen estropada, abuztuak 6 larunbata Ondarroan, eta abuztuak 7 igandea Pasai San Pedron ospatuko da. Getaria-Zarauzko neskei dagokienez, larunbatean Ondarroan eta igandean Pasai San Pedron, mutilekin batera.

 

Aupa Zarautz!                                                                                                  Zarautz, 2016ko abuztuak 1ean