Enbata bigarren txandan sendotu da

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2017ko eka. 27a, 23:38

Zarauzko Enbata 2017ko KAE Ligako bi estropadetan lehiatu da asteburuan, bigarren txandan finkatzeko maila duela erakutsiz. Beñat Eizagirre arraunlariak estropaden balorazioa egin digu.

Bi estropadako Ligako lehen asteburua

Enbatako mutilak asteburuan bi estropadetan lehiatu dira. Larunbat arratsaldean Portugaleteko XXXVI ikurriñan parte hartu dute zarauztarrek eta Ligako oilarrekin lehiatu: Santurtzi, Lekittarra eta Donostiarrarekin. Txandari gogor eutsi arren txandan azkena izan eta estropadan 7. postuan amaitu dute, irabazle Donostiarratik 35 segundura eta Getaria eta Pedreña bezelako taldeekin 4 eta 2 segunduko tarte oso txikira amaituz.

Igande goizean berriz Getariako uretan lehiatu da Enbata. Bigarren txandan atera da estropada honetan, Getaria, Pedreña eta Deusturekin. Azken honek irabazi du txanda eta Enbata bigarren izan da, 6. postuan estropadako sailkapenean. Argi gelditu da Liga honetan palada baten gorabeheran daudela postuak, Zumaia segundu erdi baina gutxiago azkarrago izan eta 5. izan baita.

Sailkapen orokorrari dagokionez, 5. Postuan da Zarautz, Zumaia 2 aurretik eta Deustu 1 atzetik izanik. Helburua bigarren txandan sendotzea, txanda irabazteko lehiatuz goi-mailan jardun eta jaitsiera ekiditea direnez, Ligako helburuak betetzen ari da Enbata.

Beñat Eizagirre arraunlariaren balorazioa

Honako balorazioa egiten du Beñat Eizagirre (1991, Zarautz) arraunlariak:

Atzo txanda polita izan genuen, ohorezko txandan. Lehen luzea primerakoa izan zen eta estropada osoan Lekittarrari gogor eutsi arren, azkenean estropada gogortu eta ihes egin zigun. Helmugan 7. azkarrena izan ginen.

Gaur, itxasoko estropada izanik, urduritasun puntuarekin atera gara. Hasieran itxaso lasaia zegoela iruditu arren konturatu gara jolasteko aukera izango genuela. Lehen luzea zaila izan da baina bigarren luze oso on baten ondoren Getariarekin borroka ederrean sartu gara. Bigarren ziaboga on baten ondoren aurre hartu diogu eta paladaz palada metroak sartu. Azken luzean olatu politak hartu eta estropada txukun amaitu dugu.”

Hurrengo estropadak

Hurrengo larunbatean estropadarik ez da ospatuko KAE 1 Ligan, igandean soilik. Zumaiako XXXII Ikurriña jokatuko da bertan, Enbatarentzako eremu oso egokia aurreko urtetan frogatu duten bezala.