Harrijasotzea bertako herri-kirola denez

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Kirol Elkartea 2016ko mar. 16a, 12:34

Harrijasotzea bertako herri-kirola denez, bere biziraupenean lagundu behar dugu. Txapelketa honen bidez gainera, emaitzaren aurreko zirrara sortarazteaz gain komunitatearen elkartasuna eta partehartze sentimentuak ere sustatuko dira. Eta txapelketa aste buruan eginez gero jende asko erakarriko du gure herrira.

Udalerri askotan badago “harri baldarra” izeneko harria, hau da, udalerrian bertan aurkitu eta jasotako harria, bere horretan altxatzen dena, inolako aldaketarik egin gabe, eta Federazioak ezartzen dituen neurri, pisu eta heldulekuetara moldatu gabe.

Halaxe gertatzen da Donostian, Amezketan, Elgoibarren, Aian, Etxaurin, Arrigorriagan, Iraetan, Usurbilen, Errezilen, Adunan, etab. Harri baldar entzutetsuena Igeldoko harria da, eta 2014an Donostiako Aste Nagusian 23. saioa antolatuko da, Tirinidade Plazan. Herri-kirol zaleentzat Kontxako estropaden parekoa da, urteroko estropadarik garrantzitsuena, guztiek irabazi nahi dutena.

Jakina da Zarauzko estropadak Kontxaren hurrengoak direla, horrenbestez Zarauzko harri baldarra jasotzea ere honen pareko ikuskizuna izatea da gure helburua. Esan beharrik ez dago horrek Zarauzko irudian eragin baikorra izango lukeela eta bisitari ugari erakarriko lituzkeela. Jaialdi hau, gainera, urtez urte egingo litzateke.

JAIALDIA: Zarautzen bi harri baldar altxatzeko txapelketa proposatzen da. Bi harriok Zarauzko arroketan jaso dira, itsas-beheran.

  • “Jai Txikiko Harria” oboide forma dauka eta 117 kilo.
  • “Mollarriko Harria”: handiagoa da, forma luzexka du eta 121 kilo.