Estreinaldi aparta

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko ira. 18a, 10:14

Zarautz Rugby Taldeak garaipenarekin hasi du denboraldia. Hemen daude ikusgai igandean Astin izan zen partidaren kronika eta argazki galeria.

Etxean, Astin hasi zuten denboraldia zarauztarrek eta dena izan zuten alde igande eguerdian: harmailetako giroa, eguraldia eta emaitza:  29-12, 80. minutuan.

Zarauztarrak beti joan dira aurretik, baina partida borrokatua izan da.

Hasi eta hiru minutura etorri da Babyautoren lehen entsegua: Sebastian Sedranek egina, jokaldi bizi batean. Transformaziorik ez eta 5-0 markagailuan.

Partidaren lehen minutuak bilbotarren zelaian jokatu dira. Zarauztarrak nagusi, puntuak ziurtatzen saiatu dira. 16. minutuan  8-0 Sebasek ondo aprobetxatutako zigor kolpe  bati esker.

Gauzak ordea aldatu egin dira ordu laurdenera. Epaileak txartel horia erakutsi dio Sebastian Sedrani eta bilbotarrek ondo baliatu dute zelaian bat gehiago izatea. Alejandro Saenzek egin du bilbotarren lehen entsegua 38. minutuan. Transformaziorik ez. Baloiak ihes egin dio ostikada bota behar zuenari eta Jokin Elustondok bizi, baloia berreskuratu du zarauztarrentzat. Harmailak gustura. Joko nahasia zelaian eta minutu zailak, baina lehen zatiko azken jokaldian, Juan Sorreluzek hegaletik, zarauztarren bigarren entsegua lortu du. 13-5 eta atsedenaldia.

Bigarren zatian, zarauztarrak euren jokoari eusten saiatu dira eta 9 puntu lortu dituzte zigor kolpeak aprobetxatuta. Juan Sorreluzen 3 ostikada izan dira. 22-5, bigarren zatiaren erdi aldera. Partidak alde zirudien, baina bilbotarrek ere badakite errugbira jolasten eta ez zeuden lo. Minutu batera, Chrizaan Straussek, bilbotarren erdilariak, lerroa hautsi, eta zutoinen erdi-erdian egin du bilbotarren bigarren entsegua. Baita transformatu ere. 22-12 eta bilbotarrak partidan sartuta, 61. minutuan.

Bilbotarrak piztuta eta zarauztarrak estu. 3 touche jokatu dituzte bilbotarrek, zarauztarren 5 metroko lerroan. Zarauztarrek ordea lortu dute baloia berreskuratzea eta amaitzeko 6 minuturen faltan, Jack Griffithsek 3. entsegua lortu du zarauztarrentzat. Sebastian Sedranek transformatu eta 29-12, azken emaitza. Bilbotarrek bat gutxiagorekin amaitu dute, epaileak Jon Julián kanporatu duelako azken 5 minutuetan.

Partida amaieran, jarraitzaileek ia lau minutuko txalo zaparrada eskaini diote Babyauto zarautz gaztetuari. Harrobiko 5 jokalari gazteren debuta izan da (Carlos Estrada, Alex Saleta, Juan Sorreluz, Iosu Valenciano eta Joanes Zendoia) eta konbokatutako guztiek jokatu dute. Denboraldi hasiera aparta, Babyauto Zarautzentzat.

Hurrengo partida, Real Oviedo Rugby taldearen kontra, datorren larunbatean, irailaren 21ean, Oviedon.

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/147471246@N05/albums/72157710874098338

Bultza Beltzak!