Kronika: Gernika erraz gailendu zaio Zarautzi Urbietan 40-6

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko mar. 3a, 08:00
Aurreko partidako argazki bat. (zarautzrugby.com)

Basurdeak eta dortokak aurrez-aurre, zaila zen lehia berdindua izatea.

Babyauto 19 jokalarirekin joan zen Gernikara, batzuk fisikoki ukituta. Gernikarrak aldiz, ondo hornituta: talde zabalagoa, handiagoa eta indartsuagoa ziren. Eguraldi hezea eta Urbietara sartzeko txartelak garesti: 10euro euritan, 15 aterpean. Amaieran, garaipena Gernikarrentzat, 40-6 eta 80 minutuak luze, zarauztarrentzat.

Bizkaitarrek hasieratik menperatu zuten jokoa. 40 metroko marraren gainean melé-a irabazi eta segidan egin zuten lehen entsegua albotik. Berdintsu bigarrena ere. Biak Peio Urrutiak. Ostikadatan, Solomona Parakik asmatu egin zuen, partida osoan bezala, eta ordu laurdenerako 14-0, bizkaitarrak nagusi, markagailuan eta zelaian. Zarauztarren lerroetan hainbat jokalari falta zen, lesioak eta bestelakoak tarteko eta somatu zen. Gernikarrek erraz irabazi zituzten ia melé guztiak. Hobeto ibili ziren zarauztarrak touchean eta albotik ateratako baloiek eman zieten erasoari ekiteko bidea gehienetan. Gutxiago izan arren, Babyauto ez zen kokildu eta lehen zatiaren erdialdera, zarauztarrek aurre egin zieten bizkaitarrei. Baloia berreskuratu zuten behin eta berriz eta 25.minutuan, zigor kolpe bat aprobetxatuta estreinatu zuen Carlos Estradak markagailua 14-3. Partida berdinduagoa ikusi genuen minutu batzuetan, baina atsedenaldiaren aurretik, beste 7 puntu egin zituen Gernikak Langi Lolotongari esker eta 21-3 amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatian ere, Babyautok berea egiten segi nahi izan zuen. Gernikarren erasoari eutsi eta aukerak aprobetxatu. Meléa irabazi, baloia touchera bidali eta handik sortutako jokaldian etorri zen hurrengo zigor kolpea zarauztarren alde. Carlos Estradak ostikada eta 21-6, 50. minutuan. Zarauztarrak partidan sartuta eta Gernikarren entsegu ahaleginei gogor eutsi nahian, behin eta berriz, baina ez zen erraza. 5 metroko marraren gainean touchea atera eta oso gogor jokatuta egin zuen Eder Matinezek Gernikarren 4. entsegua: 28-6. Beltzek ez zuen inoiz amore eman, baina bukatzeko 10 minuturen faltan, epaileak txartel hori banarekin zigortu zituen Babyautoko bi jokalari. 13 dortoka 15 basurderen aurka, partidaren azken minutuek luze jo zuten zarauztarrentzat. Beste bi entsegu Gernikak, Lolotongaren eta Simon Lilicamaren eskutik eta 40-6 azken emaitza.

Bizkaitarrek argi erakutsi zuten zergatik diren bigarren sailkapenean eta Zarauztarrek, zergatik eusten dioten, oraindik ere, 4. postuari, nahiz azken bi partidatan punturik ez bildu. Denboraldia azken txanpan sartuta, 3 partida eta 15 puntu ditu jokoan Babyautok eta ia ziurtatuta Ohorezko B mailan jarraitzea. Hurrengo zita datorren larunbatean, martxoaren 7an, Atxurizubin, Uribealdearen zelaian.

Bultza Beltzak!