Ekaitza eta ortzadarra

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2021ko aza. 29a, 01:00

Errugbian, beste gauza guztietan bezala, zenbakiek, batzuetan, dena esaten dute eta, beste batzuetan, ezer ez. Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldeak 31-3 galdu zuen larunbatean Getxoren aurka, Faduran; baina emaitzak azalpena behar du. Zarautz jokatzen ari den ligan, Espainiako bigarren mailako A multzoan, bi txapelketa ari dira gertatzen aldi berean. Batetik, multzoko lau handien arteko borroka dago: Getxo, Hernani, Santanderko Independiente eta Avileseko Belenos lehen mailara igotzeko aukeraren bila dabiltza; horretarako, sailkapeneko lehen hiru postuetan amaitu behar dute lehen itzulia, urtarrila amaieran. Aldiz, beste lehia batean ari dira gainontzeko 8 taldeak, Zarautz haien artean. Hauek, bigarren mailan jarraitu nahi dute eta sailkapeneko leku eroso batean amaitzea komeni zaie lehen itzulia. Helburu horri begira, Zarautz ondo ari da eta larunbateko emaitzak ez du aparteko garrantzirik. Galdu arren, partida gogor joan zen. Zarauztarrek konplexurik gabe egin zioten aurre Getxori eta aparteko lesiorik gabe itzuli ziren etxera, euria, haizea eta hotza protagonista izan zituen errugbi arratsalde zaila amaituta. Beraz, gaitz erdi.

Euskalmetek alerta laranja iragarria zuen larunbat arratsalderako, baina hori baino gehiago behar izaten da errugbia bertan-behera uzteko. Faduran, Getxo eta Zarautzen arteko partida hastear zela, ortzadarra azaldu zen, une batez, eta argi une hark animatuta bezala, Zarautzek estreinatu zuen markagailua, partida hasi eta 10 minutura. Carlos Estradak ostikadaz bota zuen zigor kolpea hagatara eta haizea kontra izan arren, arratsaldeko 3 puntuak lortu zituen Gesalaga Okelanentzat. Hortik aurrera, haize zakarrak, euriak eta kazkabarrak zaildu zuten lehendik gogorra zetorren partida. Txartel horia tarteko, Zarautz bat gutxiagorekin geratu zen zelaian eta tarte horretan egin zuen lehen entsegua Getxok. Gero etorri ziren beste hiru. Bi, zati bakoitzean. Lau entsegu, gehi transformazioak, gehi zigor kolpe bat, guztira, 31 puntu.

Sailkapenean elkarren segidan egon arren, Getxo Zarautz baino koska bat gorago dago errugbian. Aurrekontu gehiago, talde sendoagoa eta joko hobea. Hala eta guztiz ere, Zarautz ez zen kokildu eta, lehen zatian bereziki, ondo egin zien aurre bizkaitarrei. Defentsa gogorra, txukun méléan eta touchean, eta lotsagabe erasoan, inoiz, getxoztarren defentsa lerroa hausteraino; baina Getxok oso ondo jokatzen du errugbian eta baloia dutenean, ez dute barkatzen. Ondo eta azkar mugitu zuten eskura, zelaiaren alde batetik bestera behin eta berriz; eta zarauzko defentsan hutsunea atzemandako bakoitzean, bizkor ihes egin zuten entsegu marraraino. Hiru Anderren artean egin zituzten puntu guztiak getxoztarrek. Ander Moso eta Ander Calvok entseguak eta Ander Arratek transformazio guztiak, gehi, lehen zatiaren amaierako zigor ostikada.

Larunbatekoa pasa zen eta Gesalaga Okelaneko jokalariak onik itzuli ziren etxera, autobusez, behin behar eta. Abenduko lehen asteburuan atseden hartuta, bigarrengoan jokatuko dute Astin, Ourenseren kontra. Partida garrantzitsua izango da, Ourense, Gesalaga Okelanen aurkari zuzena eta parekoa delako. Etxean jokatzeak abantaila behar luke zarauztarrentzat, eta hala opa diegu. Ea abenduaren 12an, ekaitza edo ortzadarra tokatu, Astiko harmailaren berotasuna sentitzen duten, sailkapeneko 5. postuari eutsi ahal izateko. Bultza Beltzak!!

Osorik irakurri