Irabazi

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2022ko aza. 7a, 16:00
Argazkia: @hernanirugby

Zarautzek irabazi egin dio Hernaniri errugbian, 21-13. Hori izan da asteburuko kirol albistea. Igande eguerdian gertatu zen Astin eta final bat irabaztearen parekoa izan zen. Partida amaieran harmaila nola lehertu zen ikusi besterik ez! Jokalarien aurpegietan, zaleen irribarrean eta errugbi beteranoen betetasunean antzeman zitekeen hura ez zela edozer gauza. Eta horixe da dena. Ez dago askoz gehiago kontatzeko.

Igandekoa, Hernaniren kontrako partidak izaten diren bezalakoa izan zen, ia denean. Betiko gidoia: partida trabatua eta intentsitate handikoa; gogorra eta zenbaitetan zakarra; errugbi dotorerik ez, batere; oso jokaldi gutxi baloia eskura jokatuta. Defentsa, defentsa eta defentsa; ostikadak, alboko sakeak eta mélé-ak. Hori izan zen partida guztia. Zarautzen sekretua, aukerak aprobetxatzen jakitea. Gesalaga Okelanek entsegu bakar bat egin gabe irabazi zuen igandean, Hernanik egindako faltak aprobetxatu eta zigor ostikadatan puntuak batuta. Carlos Estrada min hartuta dago eta Martin Sorreluz arduratu zen zigor ostikadez. Oso fin ibili zen: 8tik 7 sartu zituen eta hori izan zen garaipenaren gakoetako bat. Bestea, aurrelarien lana eta talde osoak egindako defentsa gogorra. Eta burua hotz mantentzea. Hori, akaso, lehen aldaketa betiko gidoian. Zarauztarrak ikasten ari dira. Presioari eusten, aldartea ez galtzen eta partida zailak borobiltzen ikasten ari direla erakutsi zuten igandean. Azken 20 minutuak jokalari bat gutxiagorekin egin arren, eutsi egin zioten Hernaniri eta puntuak egiten jarraitu zuten. Harrobiko jokalari gazteek gero eta eskarmentu gehiago dute eta, dudarik gabe, errugbian eta errugbtik kanpo, mila borrokatan zaildutako argentinarrek egonarria eman diote taldeari. Horretan, ez zen betiko gidoia izan, baina batez ere, pelikularen amaiera izan zen ezberdina.

Hasi, ordea, Hernani hasi zen irabazten. 3. minutuan eta oso erraz, Beñat Arizetak egin zuen partidako entsegu bakarra. Transformazioa ere berak, eta 0-7 Hernani aurretik. Ordu laurdenerako, 3 zigor kolpe baliatuta, Zarautz aurretik jarri zen 9-7, eta hala joan zen partida osoa, beti aurretik, puntuak hirunaka-hirunaka pilatuz. 12-7 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Hernani erasokor atera zen zelaira, baina zarauztarrek amaiera arte eutsi zioten. Hernaniarrak bi aldiz gerturatu ziren bi puntuko aldea izatera, 12-10 aurrena eta 15-13 bigarren zatiaren azken minutuetan. Horiek izan ziren minuturik zailenak Gesalaga Okelanentzat. Bi txartel hori pilatuta, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Zarautz amaitzeko 20 minutu faltan. Hernani bi aldiz egon zen entsegu marraren gainean eta bi aldiz salbatu zuten beltzek. Eta salbatu ez ezik, puntuak batzen segi zuten 21-13 amaitu arte.

Ondo merezitako garaipena izan zen eta ondo ospatzeko modukoa. Denak lagundu zuen: eguzkiak epeldu zuen giroa, zaleek berotu zuten harmaila eta Xanti Irazustak jarri zion soinu banda ospakizunari, DJ ofizioan. Hirugarren denbora ilundu arte luzatu zen igandean Astin.

Sailkapenean, 4. lekuan jarraitzen du Zarautzek 10 punturekin, mailako 3 talde indartsuenen kontra lehiatu ondoren. Hurrengo partida Anoetan jokatuko dute datorren igandean, Behobiaren egunean, Bera-Beraren aurka. Hura ere ez da erraza izango, baina beltzei ez zaie zaleen babesa faltako. Hala bedi. Bultza Beltza!!