Bat-bi, hiru-lau, bost-sei-zazpi... Beltzak!!

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko ots. 13a, 10:00
Bultza Beltzak! (ZRT)

Gesalaga Okelanek 24-5koarekin hartu zuen mendean Jaen, elite multzoko bigarren jardunaldian, etxean jokatu duten lehen partidan.

Astiko festak igandean hasi ziren, Zarautz eta Jaenen arteko errugbi partidaren inguruan. Han zegoenak, badaki zertaz ari garen; falta zenak, kontakizunarekin konformatu beharko du. 24-5 irabazi zion Gesalaga Okelanek Jaeni, eta emaitza horrekin Zarautz bigarren kokatu da eliteko multzoan, lehenengo mailarako igoera jokatzen ari diren taldeen artean. Denak dira onak multzo horretan eta xehetasun txikiek ekartzen dute aldea. Etxean jokatzeak, adibidez. Igandean, jokalariek zelaian irabazi zuten partida, baina Astiko harmaila, beteta, 16. jokalaria izaten saiatu zen. Eguzkiak ez zuen hutsik egin eta 3. denbora ilundu arte luzatu zen. Festak hasten direnean bezala.

Partida ez zen bereziki distiratsua izan; baina izan zen bizia, lehiatua, indartsua, intentsitate izugarrikoa. Puntu honetara iritsita, inork ez du alferrikako arriskurik hartu nahi eta Zarautzek, defentsan oinarritu zuen partida. Defentsa, defentsa eta defentsa. Jokoa, ahal zen guztietan, aurkariaren zelaira eraman, eta faltak baliatu puntuak biltzeko. Eta ondo atera zitzaion.

Zigor ostikadak Carlos Estradaren ardura izan ziren eta hasi eta 12. minuturako, 6-0, Zarautz jarri zen aurretik, bi falta tarteko. Zarauztarrek abantaila atera zieten alboko sakeei ere. Jaen oso trakets aritu zen touche-an eta zarauztarrek ia guztietan irabazi zieten baloia. Mélé-an ere, antzera. Zarautz izan zen nagusi. Hain justu, méléa-n irabazitako baloi bat jokatuta etorri zen Beltzen lehen entsegua. Jaenen entsegutik 5 metrora osatu zen uztartzea, zelaiaren ertzean. Jaenek baloia sartu bai, baina zarauztarrek irabazi zuten, baloia atera, eta eskuz-esku, zelaiaren beste ertzeraino zabaldu zuten, Sebastian Sedranek jokaldia errematatu eta entsegua lortu arte.--- Ostikada makiletara Estradak eta 13-0, 18. minutuan. Garaipena irudikatzen hasi ziren zarauztarrak. Akaso horregatik, edo akaso eguzkiak majo berotzen zuelako zelaian, Beltzek erritmoa jaitsi zuten, apur bat, eta Jaenek orduantxe lortu zuen bere entsegu bakarra. 34.minutuan, Jose Manuel Camachok egin zituen 5 puntuak. Ostikadan kale, eta 13-5 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, Gesalaga Okelan piztuta atera zen berriz ere zelaira. Andaluziarren lerroaren gainean presioa egin eta kolpeak probokatzen saiatu ziren. Hala etorri ziren hurrengo 3 puntuak ere, zigor ostikadaz. 16-5, bigarren zatia hasi eta berehala. Hortik aurrera, ia bigarren zati osoa, elkar higatzekoa izan zen; desgaste izugarria eta luzimendu gutxi. Puntuak ere, apenas. 30. minutuan, beste 3 puntu, zarauztarrentzat zigor kolpez. 19-5. Ez zen emaitza txarra, baina minutuak luze zihoazen eta partida amaitzear zela, egindako lan guztiaren ordaina Gesalaga Okelanekoentzat. Uztartzean baloia irabazi ondoren hasi zuten jokaldia. Baloia hartu eta lurrera, irekian atera eta berriz lurrera, horrela, faseka, zelai ertzean Carlos Estradak entsegua egin arte. Transformaziorik ez, baina batere axolarik ez. 24-5, Beltzek garaipena eta harmaila zutik, txaloka, luze. Bonboa, suziriak eta oihuak, eztarriak urratzeraino: Beeeeeeltzak!!! Jaietan bezala.

Andaluziako azenturik apenas entzuten zen Jaengo jokalarien artean, baina ingelesez eta argentinarrez ulertu genien leher eginda amaitu zutela, eta errepide bidaia luzea zutela aurretik. Zarauztarren hirugarren denbora, aldiz, luzatu egin zen otsaileko eguzki epeletan.

Datorren asteburuan, inauteri sasoian, bidaiatzea tokatuko da. Zarautzek Katalunian jokatuko du L`Hospitaleten aurka. Ez da Asti izango, baina han ere izango ahal dira animoak eta pankartak. Zaleak ari dira bidaia prestatzen. Jokalariei, entrenatzen jarraitzea tokatuko zaie.

Astiko jai egitarauak, berriz, otsaila amaieran jarraituko du. Otsailaren 26an, 12tan, Zarautz-S Cugat jokatu da; ikusgarria, seguru. Martxoaren 18an, Getxok jokatuko du Astin, 16:00tan, eta Aste Santua pasata, apirilaren 15ean, ordu berean, Zaragozako Fenixek. Hori, Astin. Munoan, zerbeza feria, urteroko legez, Aste Santuko egunetan. Etxetik kanpo, martxo hasieran, Madrilen arituko dira Beltzak Alcobendasen aurka eta martxo amaieran Almeriara joatea egokituko zaie. Astez aste egingo dute bidea, baina hasi, bikain hasi dira. Nekeak eta lesioek faktura garestiegia ez pasatzea beharko dute orain; Eta ukenduak, eta bendak, eta zaleen arnasa. Ez dezatela falta: Bultza Beltzak!