Euskara taldea sortu dugu Zarautzen: Zirika

Irailaren 14an egingo dugu taldearen aurkezpen publikoa. Gure helburuak eta egin asmo ditugunak azalduko ditugu bertan. Zarauzko Hitza erabiliko dugu komunikazio bide. Telegramen ere sortu dugu kanala Zarautzen eta euskararen inguruko berriak biltzeko. Hemendik deia luzatu nahi diegu zarauztar denei euskararen aldeko lanera lotzeko.

Badira hilabete batzuk lagun talde bat elkartzen hasi garela. Helburua: Zarautzen euskara talde bat sortzea. Oraingoz, ezagunen artean hasi dugu bidea. Eta irailean aurkezpen publikoa egingo dugu nahi duenak euskararen aldeko lanari ekin diezaion. Momentuz, Zarauzko Hitzan sortu dugu kontua eta bertan argitaratuko ditugu taldearen inguruko kontuak. Eta bestetik, telegramen kanal bat sortu dugu Zarautzen eta euskararen inguruko berriak argitaratzeko: https://t.me/zirikazarautz.Helbide elektroniko bat ere badugu nahi duena gurekin harremanetan jarri dadin: zirika@ni.eus

Zirika taldea irekia izatea nahi dugu, edonork parte hartzeko modukoa. Batzen gaituena da euskara maite dugula eta elkarrekin euskaraz gozatu nahi dugula. Horregatik, espazio eta momentuak bilatu nahi ditugu, elkarrrekin euskara ardatz hartuta ondo pasatzeko. Zarautz, herri euskaldunetan handiena izanik, ardura bat dugula uste dugu. Eredu izan gaitezke. Zarautz are eta euskaldunagoa nahi dugu.

Kezkatuta gaude gure kaleetan entzuten eta ikusten dugunarekin eta horregatik, Zirika izenak berak adierazten duen bezala, herria xirikatu nahi dugu euskararen aldeko lanera.

Momentuz, abendura bitarteko programazio bat egin dugu. Hilero elkarrekin egoteko aitzakia bat jarriz.

  • Irailaren 14an egingo dugu taldearen aurkezpen publikoa.
  • Urriaren 7an, larunbat goiza hartuko dugu gogoetarako, herriko beharrean inguruan hausnartzeko eta adostasunak lortzeko. Ideiak bildu eta 2024rako ekintza plan bat osatzea izango da helburua.
  • Azaroaren 11n kantu bazkaria antolatu dugu. Bazkaria Lagunak jatetxean egingo da. Ehun lagunentzako lekua izango dugu. Agosti eta Barrena gurekin izango ditugu.
  • Abenduaren 14an, Euskara eta jatorri askotariko herritarrak izeneko hitzaldi eta lanketa saioa izango dugu.

Badakizu, beraz, hemendik aurrera, euskararen aldeko lanera lotzeko gogoz bazabiltza, sartu telegrameko kanalera edo idatzi zirika@ni.eus helbidera edo irailaren 14an elkartuko gara.