'Euskara eta jatorri askotariko herritarrak' lan-saioa hizpide

Jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko pertzepzioak lantzeko deia egin genuen Zirikatik. Saioa Iraola Urkiola eta Ekhine Eizagirre Zubiarre izan genituen bideratzaile.

Lan saioa Elgoibarren egindako ikerketa baten ondorioak azaltzetik abiatu zuten. Kontatu zizkigutenak lan honetan bildutakoak dira: Elgoibarko jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko dituzten pertzepzioak. Hizkuntza esperientziak aldatzeko helburuz beharrezkoa delako komunitate horietan arreta jartzea, "ikuspegi feminista eta dekonolonial batetik".

Herritar horienganako kezkara gerturatu ziren euskaratik eta feminismotik. Ari ziren hausnartzen aniztasuna nola kudeatu zitekeen feminismotik. Herritar horiei ahotsa eman nahi izan zieten, guztiak ere XXI. mendeko migrazioen ondorioz iritsitakoak.

Herritar horietatik gehienek enplegurako sarbide adina dute. Eta nabarmena da sexuaren araberako lan banaketa. Emakumeak etxeko zaintza lanetan aritzen dira eta latinoamerikarrak dira batez ere. Zapalkuntza bikotza jasaten duten migranteez aritu ziren: arrazializazioarena eta desberdintasun sozialena.

Hizkuntza ekintza soziala dela esan zuten: "Hizkuntzaren bidez sozializatzen gara, mundu ikuskera eta identitate propioak eraikitzen ditugu. Hiztunak ere eraiki egiten dira. Bere inguruneak eraikitzen du hiztuna; hizkuntza bera ere botere harremanek baldintzatzen dute".

Hasierako azalpenaren ondotik, lan taldeetan banatu ginen eta, amaieran, arlo hauei buruzko ondorioak atera genituen denok elkarrekin.

  • Iritsiera eta harrerari buruz
    1. Askotan ez dakigu zer harrera plan dauden. Herritar horiek guztiek udalera jotzen dute errolda kontuengatik eta beharrezkoa jo zen jakitea udalak zer transmititzen dien hizkuntzari buruz. Irudipena da asko lantzeko dagoela arlo hori.
    2. Jendarte bezala ez ditugu entzuten euren iritziak. 
    3. Kontatzen al diegu zergatik den garrantzitsua guretzat euskaraz bizitzea? Hortik hasi beharko genuke. 
    4. Eskolaratzerakoan, seme-alabak dituztenak ohartzen dira euskararen garrantziaz. 
    5. Harrera on bat egiteko koordinazioa behar da.
  • Hizkuntza ideologiak
      1. Uste dute euskara zaila dela, zaharra, inposatua… Umetan euskara ikastea errazagoa dela uste. 
      2. Gure kaltetan etor daiteke esatea euskara gutxitua, zaharra eta txikia dela.
      3. Euskara ez da beharrezkoa. Ez da beharrarekin lotzen. Gu ere hori sinistera heldu gara. Nola lortu genezake gure hizkuntza balioan jartzea? Nola gure hizkuntzaren gaineko kontzientzia hartzea? Inork ez die azaldu zergatik den euskara garrantzitsua. 
  • Bizi baldintzak eta denbora
    1. Eragina dute bizi-baldintzek, bi hizkuntza ditugu hegoaldean eta lehentasuna batek du. Denbora behar dute hizkuntza ikasteko eta aurrena gaztelania ikasten dute.
    2. Euskalgintzak gizarte duin baten aldeko borroka izan beharko luke. Gure euskalduntasunetik herritar ororen bizi baldintzak borrokatu behar ditugu; fokoa harreran jarri behar genuke hizkuntzaren transmisioa lehentasunean jarriz.
  • Entzuketa
    1. Ez ditugu berdin entzuten atzerritar guztiak. Klasearen aldagaia ere hor dago. 
    2. Ezinak pizten zaizkigu, inpotentziak, euren jarrerak entzutean.
    3. Noiz egin harrena on bat, noiz euskaldunduko dugu ondokoa. Noiz hasiko gara horretan.

Bi orduz aritu ginen hausnarrean. 20 bat lagun elkartu ginen. Asko landu genuen, asko geratzen zaigu egiteko. 2024an helduko diogu berriz. Oraingoan elkarrekin.