Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak aztertuko ditu Iurrebasok Zarautzen, 23an

Euskararen egoerari buruzko azterketa egiteko modua irauli du ikerlariak, iaz doktore tesian aurkeztutako tresna metodologiko berriekin. 

Euskararen egoera gaur, zer diote datuek? Galdera horretatik tiraka emango ditu argibideak Iñaki Iurrebaso soziolinguista doktoreak eta UEMAko lan ikerketa teknikariak urtarrilaren 23an, 18:00etan, Etxezabalan, Zirikak eta UEMAk antolatuta.

Iurrebasok irauli egin du euskararen egoerari buruzko azterketa egiteko modua, iaz bere doktore tesian aurkeztutako tresna metodologiko berriekin.

Euskara dakitenen eta erabiltzen dutenen arteko amildegia aztertu du, besteak beste. Euskaraz dakitenen artean, gehienak hobeto moldatzen dira gaztelaniaz edo frantsesez. Eta gaitasunak baldintzatzen du erabat erabilera. Euskal hiztunen hamarretik bederatzi bizi dira erdara nagusi den zonetan. Euskaraz bizi nahi badute, korrontearen kontra jo behar dute, eskailera mekanikoetan beheraka baletoz bezala, eta euskaldunak gorako joan nahiko balu bezala.

Zonalde euskaldunetan eskailerak behar diren bezala doaz. Euskaraz egin nahi duenak eroso egin dezake. Baina ahultasun zantzuak ematen hasi dira erdaren erauntsiarengatik. Zonalde horiek indartu behar dira, eta funtsezkoa da arnasguneak eta udalerri euskaldunak babestea, sendotzea eta indartzea.

Ondorioztatu du euskara ahul dagoela Euskal Herrian hizkuntza gaitasunari erreparatuta, eta indartuta daude gaztelania eta frantsesa. Euskara minorizazio egoera gorrian dago. Benetako argazkiari erreparatu ostean, euskara biziberritzeko prozesuan nola eragin aztertuko du.