'Bizkarsoro' Modelon ikusteko sarrerak ostiraletik aurrera izango dira eskuragai

Erabiltzailearen aurpegia Zirika. Zarauzko Euskara Elkartea 2024ko mar. 12a, 10:45

Josu Martinez zuzendariaren hitzetan, "euskarak eta euskaldunek jasandako zapalkuntzaren istorioa" kontatzen du, pelikularako sortutako fikziozko herri batean, "nahiz eta kontatzen direnak benetan gertatuak izan". Arrakasta handia izaten ari da herriz herriko zabalpenean.

'Bizkarsoro' pelikula martxoaren 21ean iritsiko da Zarauzko Modelo aretora. Iazko Donostiako zinemaldian estreinatu ostean, herriz herriko bira egiten ari da orain. Uemak, Gasti Beltzak eta Zarauzko Udalak lagunduta, ZIrika euskara elkarteak sustatuta eta Korrika kulturalaren barnean antolatutako emanaldia da. Sarrera doan da, edukiera bete arte. Hilaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak, Modelo aretoko leihatilan.

Josu Martinez zuzendariak estreinaldian azaldu zuenez, "euskararen eta euskaldunen kontrako zapalkuntzaren" historia kontatu nahi izan zuen filmaren bidez. Horretarako fikziozko herri bat sortu zuen. Ipar Euskal Herrian kokatuta dago, XX. mende hasieran. Pertsonaiak eta elkarrizketak asmatuak izan arren, kontatzen diren istorioak benetan gertatutakoak direla esan zuen, besteak beste kontatzen baitu nola zigortu zituzten euskaldunak euskaraz hitz egite hutsagatik.

Filmean Baigorriko herritarrek parte hartu dute. "Herri zinema" deitu diote egileek, historia barrutik kontatzeko ariketa egin dutelako. 

Orain arteko ibilbidean emozio ugari eragin ditu filmak, eta hori dute helburu egileek: euskararen egoeraren inguruko eztabaida eta gogoeta sozial bat piztea. Horretarako abagunea izango da filma amaitu ostean, Izaskun Urkijo arte zuzendariarekin batera solasaldia izango baita Modelo aretoan. 19:00etan hasiko da filma.