Harrotzea astearekin bat egiteko agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Zirika. Zarauzko Euskara Elkartea 2024ko api. 20a, 13:00

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22-28rako egin duen harrotze astearekin bat egiten dugula adierazteko, agerraldi bat egingo dugu Urolako kostako zenbait euskara elkartek. Tartean izango da Zarauzko Zirika euskara elkartea ere Maxixatzen, Zaparraie eta Larraina euskara elkartearekin batera.

Agerraldia Zumaian izango da, apirilaren 22an, astelehenarekin, iluntzeko 20:00etan, anbulatorio zaharrean. Hemendik gonbidapena luzatu nahi diegu herritar guztiei agerraldi horretara agertzeko.

Harrotze astearen helburuak hauek dira: Euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea; euskaltzaleei borroketan parte hartzeko ilusioa eta motibazioa piztea; eta Euskal Herri euskalduna aldarrikatzea. Horretaz gain, Euskal Herrian Euskarazek beharrezkotzat jo du “atzerakadak eragiten ari diren horiek seinalatzea eta salatzea”. Mezu argia helarazi nahi izan dugu elkarrekin: “Euskaldunok kolektiboki indartu behar gara, ahaldundu, harrotu. Harrokeriarik gabe, baina, harrotasunez eta kolektiboki, esan dezagun euskaldunak garela eta gure herrian euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugula”.

Zumaian ikusiko dugu elkar!