EH Bilduko Gipuzkoako hautagaiak Zarautzen aurkeztuko dituzte, larunbatean

EH Bilduk Gipuzkoa mailako udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak eta alkategaiak aurkeztuko ditu larunbatean, martxoaren 28an, Zarautzen. 18:00etan da ekitaldia Aritzbatalde kiroldegian. Ekitaldia "hunkigarria" izatea espero dute, eta EH Bilduren oinarri sozialari eta gipuzkoar guztiei bertara joateko deia egin diete.

Dagoeneko Urola Kostako hiru herritar aurkeztu ditu EH Bilduk alkategaiak. Getarian Nika Lertxundi izango da berriro hautagaia. Lertxundi Getariako alkate da azken agintaldian. Aiako EH Bilduren alkategaia, berriz, Eñaut Guruzeaga da. Zumaian Alex Oliden da koalizioaren zerrendaburua, eta alkatetzarako hautagaia.

Gipuzkoako programaren aurkezpena Donostian

Hautagaien aurkezpenaren aurretik, ordea, ostegunean (martxoaren 26an), EH Bilduk maiatzeko foru hauteskundeetarako aurkeztuko duen programaren berri emango dute, Donostiako Gros auzoan zabalduko duten EH Bilgunean. 11:30ean izango da. "Programa herritarrekin batera landu dugu eta orain lan guzti horren emaitza aurkezteko garaia iritsi da". Programa lantzeko prozesu parte-hartzailea urtarrilaren 17an hasi zutela gogorarazi dute: "Hamaika aste oso intentsoak izan dira, herritarrekin eta eragileekin etengabe elkarlanean. Hamar bat lan saio monografiko egin ditugu Gipuzkoako eskualde guztietan, dozenaka pertsona eta eragilerekin egon gara eta ehunka ekarpen jaso ditugu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide