"Zarauztar guztiok izan behar ditugu eskubide eta betebehar berberak"

Pasa den larunbatean izan zen Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira sinatu dute EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitzak adierazpen instituzionala. Bertan, besteak beste, herrian bizi diren guztiak herritarrak direla aitortu dute, eta guztiek dituztela eskubide eta betebehar berak. Adierazpenean jaso dute, baita ere, udalak jarrera arrazista eta xenofoboak identifikatu eta salatuko dituela eta elkar ezagutzea eta elkar aitortzea beharrezkoak direla elkarbizitzarako.

Hona hemen testu osoa:

HERRI ANITZA, HERRI ABERATSA

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Nazioarteko Eguna martxoaren 21ean iza da, eta, egun hori aitzakia hartuta, udal honek zera adierazten du:

1. Herrian bizi diren pertsona guztiak dira herritarrak, edonon jaioak direla ere.

2. Herritar guztiok izan behar ditugu eskubide eta betebehar berberak. Eta horretarako lanketa bat egingo da.

a. Pertsona guztien eskubideak bermatzeko.

b. Aukera berdintasuna bermatzeko.

c. Ezberdin izateko eskubidea bermatzeko.

3. Jarrera xenofobo eta arrazistak identifikatu eta salatuko dira.

4. Jendarte kohesionatu eta justu bat eraiki behar da, lehian baino elkartasunean oinarritutakoa, eta aniztasuna beldurrez eta gatazka iturri bezala hartu beharrean, aberastasun iturri bezala hartuko duena.

5. Bide horretan elkarbizitza da gakoa. Horretarako, beharrezkoa da elkarezagutza eta elkar-aitortza aitortzea.

6. Herrian dagoen kultura eta hizkuntza aniztasuna aberasgarria da  herriarentzat, eta, horiek babestu eta indartzeko lanketa egingo da, beti ere, euskara kohesio eta komunikazio hizkuntza bezala aitortuz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide