Jon Juaristi erremontista zarauztarrak erretiroa hartuko du larunbatean

Larunbatean jokatuko du bere azken partida, Galarretan. Erremontista zarauztarrak 12 urte eman ditu profesional mailan. Orain, hainbat arrazoi medio, erretiratzea erabaki du. Egun erremontearen egoera ez dela "onena" nabarmendu du, baina hori ez erremontea uzteko dela arrazoi bakarra. Familiako negozioan egiten du lan, eta orain denbora gehiago eskaini behar diola esan du: "Gauzak erdizka egitea baino hobe da ez egitea. Entrenatu gabe ezin da kantxara irten".  Azken sei hilabetetan "asko kostatu" zaio motibatuta mantentzea: "Asko kostatu zait zentratuta egotea, eta horregatik hobe da ongi sentitzen zarenean uztea, arrastaka ibili baino. Hobe da sentsazio onekin erretiratzea".

Hala ere, aitortu du "tristura" ematen diola, "asko gozatu" baitu azken urteetan. "Lagun asko egin ditut eta giroa ezinhobea izan da pilotarion artean".