Maria Lopezek irabazi du Martxoaren 8ko Zarauzko kartel lehiaketa

Elkartasuna lana aukeratu du epaimahaiak, Maria Lopezek egindako kartela. Astelehenean bildu zen hori Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Parekidetasun sailak antolatutako VII. Kartel Lehiaketara aurkeztutako obren artean aukeraketa egiteko. Ondokoek osatu dute epaimahaia: Zarauzko Udaleko Parekidetasun  zinegotzi Ane Eizmendik, Myriam Gonzalez de Txabarri Zarauzko Udaleko Erakusketa arduradunaK, Carmen Agirretxe Artezaleak erakundeko  koordinatzaileak eta  Marije Zumeta eta Ana Sarasola Parekidetasun kontseiluko partaideek.

Guztira, 23 lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Epaimahaiaren erabakia emanda, orain herritarrek  bozkatu ahalko dute lan gogokoena, igandetik hasi eta hilaren 13ra bitartean. Herritarrek Facebook bidez bozkatu ahalko dute. Horretarako, Parekidetasun sailaren profilean Martxoaren 8ko kartel-lehiaketa – jendeak bozkatzeko lanak izeneko bildumara sartu beharko dute, eta lanen artean gustokoenari Atsegin dut eman. Boto gehien lortzen duen kartelak herritarren saria lortuko du.  Bozketaren emaitza otsailaren 16an jakinaraziko dute.