Zarauzko Batzokiaren 110. urteurrena ospatu dute

Zarauzko lehen Batzokiaren 110. urteurrena ospatu zuen EAJk joan den ostegunean (otsailak 5). Joseba Egibar GBBko lehendakariak hitzaldi bat eman zuen, eta afari bat ere egin zuten. Zarauzko aurreneko Batzokia 1905eko otsailaren 5ean zabaldu zuten; garai hartako Arenal kalean zegoen kokatuta, gaur egun errepide nagusia dagoen tokian.

Ordutik, ordea, EAJk Zarautzen egoitza behin baino gehiagotan aldatu du. "Erakunde bezala, era guztietako gorabehera politikoak eta ekonomikoak pairatu ditu, eta gure herriaren historiaren eta kulturaren lekuko eta partaide izan da", azaldu dute zarauzko jelkideek: "Hala, 1919an, Zarauzko Batzokia itxiarazi egin zuten, Primo de Rivera diktadoreak EAJ legegabetu zuenean. Beste horrenbeste gertatu zen 1936an, frankistek Batzokia indarrez hartu eta gerrako botin gisa bereganatu zutenean. 1986ko zatiketa ere oso une gogorra izan zen jeltzale zarauztarron ibilbidean".

Gaur egun, Zarauzko EAJ "inoiz baino gogo, ilusio eta indar handiagoarekin dago Zarautz eta zarauztarron bizi-kalitatea hobetzeko", azpimarratu du Xabier Txurrukak, hurrengo udal hauteskundeetarako Zarauzko EAJren alkategaiak. Egibarrek, berriz, EAJk azken 35 urtetan hartutako erabaki estrategiko guztietan "asmatu" egin duela azpimarratu zuen: "Hala nola, giza eskubide guztien defentsa eta garapen ekonomikoaren aldeko apustua, oinarri horiek definitzen baitituzte ondoen euskal gizartearen gehiengoaren nahiaā€¯.