Ssssssssssh, haur hori, mesedez

Haserre nago, minduta eta aldi berean triste. Udalak Osasuna: elikadura eta emozioak izenburupean antolaturiko sei hitzaldiz osatutako ikastaroan izena eman nuen, osasunaren arloan lana egiten dudanez, oso interesgarria iruditu zitzaidalako. Lehen hitzaldira urtebeteko alaba nirekin eraman nuen, ikastaroaren ordutegia zela-eta (18:00-20:00) biok lasai egoteko modu egokiena iruditu zitzaidalako (ordu horretan gosetzen eta loguretzen hasten baita). Hasieran, aretoaren aurrealdean eseri ginen, oso gertukoa dudan pertsona baten aldamenean. Nire alabak aurrera eta atzera ibili nahi zuela ikusi nuenean, hitzaldia hasi eta berehala, aretoaren atzealdera joan ginen, ingurukoei eta hizlariari enbarazu ez egin asmoz. Han ibili ginen, eraman genituen jostailuekin jolasean, oinez aurrera eta atzera ibiliaz... Tarteka, inguruan genituen entzuleekin ere interakzioa bilatzen zuen nire alabak, baina segituan neuregana gerturatzen nuen, nahiz eta jendearen aurpegian irribarrea baino ez ikusi, emakume baten kasuan izan ezik. Haurrak bizkarrean pare bat aldiz ukitu bazuen ere, emakume hark ez zuen begiratu ere egin, beraz, ulertu nuen, bere kasa hitzaldia entzuten egon nahi zuela.

Ustez nahiko isilik aritu ginen, eta oso gustura egon nintzen, ama zereginetan murgilduta hitzaldia primeran jarraitu ahal izan nuelako eta konturatu nintzelako, «haur txikien ama» izanda ere, herritarrontzat antolaturiko ekintzetan parte hartzerik banuela, norberaren formakuntzan jarraituz. Baina, handik astebetera jasotako deiak, argi eta garbi adierazi zidan, hitzaldian zegoen zenbait jendek ez zuela momentu hura hala bizi izan. Udaletxeko prebentzio saileko telefono deia jaso nuen, hain zuzen, eta oso modu errespetagarrian esan zidaten nola haurrarengatik jendearen kexak izan zituztela, ezin izan zutela hitzaldia ondo entzun eta ea hurrengo hitzaldirako nire alaba gabe joaterik neukan.

Ez dakit zenbat pertsona izan zareten kexatu zaretenak, sentizen dut hitzaldian horren eroso sentitu ez bazineten, ez zen nire asmoa. Eta bide batez adierazi nahi dizuet minduta sentitzen naizela gertakizun honen aurrean. Haserre, nire alaba nire egunerokotasuneko ekintzetatik baztertzea eskatzen zaidalako. Bada gizarte honetan haurrak diren bezalakoak ez onartzeko nolabaiteko joera; badirudi, haurrak gure bizitzako zenbait arlotan soberan daudela, beraien bizipoza eta munduarekiko daukaten kuriositatea adierazteko modua (mugimendua, soinua, alaitasuna...) gogaikarriak egiten direla.

Niretzat, haur txikiak ez dira molestia bat. Gure gizarteko zati garrantzitsua direla uste dut eta saiatzen naiz ahal dudan heinean, nire eguneroko bizitzan txertatzen. Zarauzko herritarrentzat eta udalarentzat hau hala ez dela ikusteak, triste sentiarazi nau, eta herritar bezala haurrekiko zer nahi dugun hausnartzera eraman.

Maider Leunda Iruretagoiena. Zarautz.