Triatloirako dortsal bat zozkatuko dute Pagoeta Mendi Lasterketan

Zozketan sartzeko lehia denboraren barruan amaitu behar da eta Zarauzko Triatloi Elkartean federatuta egon. Maiatzaren 24ko mendi lasterketan izena eman daiteke jada

Maiatzaren 24an jokatuko dute XII. Pagoeta Mendi Lasterketa, eta ari dira dagoeneko probarako prestatzen. Aurten hainbat berrikuntza izango ditu lasterketak. Esaterako, BH Zarauzko Triatloirako dortsal bat zozkatuko dute 15 kilometroko ibilbidea ezarritako denboraren barruan amaitzen duten Zarauzko Triatloi Elkartean federatutakoen artean.

Dagoeneko eman daiteke izena proban. Interesa dutenek herrikrossa.com webgunera jo beharko dute, eta bertan datuak sartu. Parte-hartzaile bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu. Edonork hartu ahalko du parte lasterketan, betiere 18 urtetik gora baditu. Antolatzaileek 225 partaidetan jarri dute muga.

Ohiko ibilbidea egingo dute aurten ere korrikalariek. Azken Portu auzoko Guria taberna aurretik abiatuko dira parte-hartzaileak 10:00etan, eta toki berean helmugaratuko dira, tontorrera (670 metro) igo eta gero. Probak hamabost kilometroko luzera izango du, eta 1.468 metroko gorabehera metatua. Ibilbidea gehienez bi ordu eta erdian egin beharko dute korrikalariek. Bi kontrol jarriko dituzte ibilbidean. Lehenbizikoa Sabore Berrin (5,5 kilometroan). Hori irteera eman eta handik ordubetera itxiko dute. Bigarrengoa, berriz, Pagoetako gurutzean egongo da. Hiru anoa postu ere jarriko dituzte: 5,5. kilometroan, 7,2. kilometroan eta 9, 5. kilometroan, hain zuzen.

Era berean, sorospen eta salbamendu zerbitzuak ere jarriko dituzte ibilbideko puntu estrategikoenetan. Lasterketaren ondoren, Zarauzko Udal Kiroldegiko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dituzte lasterketan parte hartzen dutenek.

Sari ugari

Kategoria bakoitzeko—gizonezkoak eta emakumezkoak— lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute, eta baita Pagoetako gurutzerainoko joan-etorria lehenbizi egiten duten zarauztarrek ere. Probako marka berria jartzen dutenek sari berezia jasoko dute: emakumezkoetan zein gizonezkoetan 300 euro. Oihana Kortazarrek 2010ean— 01:12:01— eta Didier Zagok 2011n—01:01:14— egin zituzten orain arteko denbora onenak.

Ibilbidea denbora barruan egiten dutenek ere izango dute saria: elastikoa eta oroigarria. Horietatik triatloian federatuta daudenen artean BH Zarauzko Triatloiko dortsal bat zozkatuko dute. Iaz Xabat Manzisidor azpeitiarrak eta Tanit Perez de Lezeta donostiarrek irabazi zuten Pagoeta Mendi Lasterketa, hurrenez hurren, 1:04:55 eta 01:25:27 denborarekin. Informazio zabalagoa eskuratzeko pagoetaml.com gunea bisita daiteke.