Hilaren 28an manifestazioa egingo du Kontseiluak Donostian

Nerea Uranga 2015ko ots. 12a, 16:57

Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelo hartuta, otsailaren 28rako manifestazio nazionala antolatuko du Kontseiluak, Donostian.  17:30ean irtengo du, Gipuzkoa plazatik. Azken hilabeteetan hizkuntza politikaren esparruan Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak egindako esku hartzeak gaitzesteko antolatu dute mobilizazioa.

UEMAko kide diren udal batzuetako ordezkariekin (tartean, Zarauzkoa) egin du agerraldia Kontseiluak. "UEMAko udalok hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko erabakia hartuta dugu. Asko aurreratu dugu udalen euskalduntzean eta bide horretan sakontzen ari gara. Horregatik, asko gara Carlos Urkijoren errekerimendu eta helegiteak jaso ditugun udalak. Onarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte", esan du Maren Belastegi Bergarako alkateordeak eta UEMAko lehendakariak.

"Gaur gaurkoz, euskaldunok ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu. Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz", esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Helegiteak jaso arren, udaletako arduradunek hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute gaurko agerraldian, eta aurrera jarraitzeko determinazioa erakutsi dute.

Euskarari egindako erasoak salatzeko lehen ere hainbat mobilizazio egin da Urola Kostako herrietan.

UEMAko kideak dira: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.