2014ko kirolari onenak sarituko ditu Zarauzko Udalak ostiralean

Zarauzko Triatloiaren alde boluntario lanean jarduten duten herritarrak sarituko dituzte. Amaia Ventas

Ostiralean izango da, 19:00etatik aurrera Modelon. Ekitaldiaren ohiko egitura mantendu du Zarauzko Udalak, baina  sustatu nahi dituen baloreak gehitu dizkio. Izan ere, Zarauzko Kirol Patronatua desagertu eta alor hori erakundeko parte izatera pasatu da, eta horrekin ere filosofia moldatu dute, herritar orok izan dezan tokia, esparru guztiak kontuan hartuta. Hala, zazpi aitortza egingo dituzte eta lau aipamen. Duela hilabete abiatu zuten herriko kirol arloan lanean dabiltzan elkarte eta norbanakoak aukeratzeko prozesua. Horretarako herritarrei proposamenak egiteko aukera eskaini zieten, ohi bezala, eta kirol elkarteekin eta alderdi politikoekin ere adostu dituzte aurtengo protagonistak.

Zarautzen "hain ezagun ez" den kirol bat praktikatzen duen emakumea sarituko dute, batetik: Elixabette Otegi rallyetako kopilotua. "Meritu ukaezina" duela nabarmendu du Aser Lertxundi Kirol zinegotziak, eta besteak beste, 2014ko Espainiako txapelduna da emakumezkoetan kopilotu gisa, eta baita Andaluziakoa ere. Bestetik, gizonezkoen kategorian, Eduardo Larrañaga aukeratu dute, udalerrian "bere indarra" duen kirol batean aritzeagatik: golfean. Gazteak "emaitza politak" izan ditu azken denboraldian, Alps Tour 2014 zirkuituko Frantziako Pont-Royal zelaiko proba irabazi zuen eta Abbruzzon, Italian bigarren egin, esaterako. Egun Egipton dago, bertako txapelketa batean lehian.

"Gure kulturaren parte da arrauna eta guztiok dakigu zenbateko esfortzua eskatzen duen traineru bat aurrera ateratzeak". 2013an osatu zuten historiako lehenbiziko trainerua ZAEko emakumezkoek, eta iaz getariarrekin elkartu ziren. Lorpen horregatik sarituko dituzte ostiralean. "Askotan isilean geratzen" den taldeak egindako lana aitortuko dute, halaber: ZKEko kirol egokituko pilota saileko gizonezko taldea. "Prozesu luzea izan da pala ukitzen ez jakitetik emaitza onak lortzera arte", nabarmendu du Lertxundik. "Askotan bigarren maila batean geratzen dira, baina horien esfortzua aintzat hartzekoa da". Horregatik txertatu dituzte kirol egokituko pilotariak sari horietan.

Jon Juaristi erremontistari emango diote Kirol ibilbidearen saria. Zarauztarrak hamabi urte eta erdiz jardun du lehian, eta erremotea zintzilikatu berri du, besteak beste, lana eta kirol hori ezin zituelako uztartu. Horrez gain, Carmelo Iriondoren lana ere aitortuko dute xakea babesteagatik.

"Kirola askotan herriaren ispilu izan ohi da". Eta horren adibide da Zarauzko Triatloia. "Nazioarteko proba garrantzitsua da honakoa, baina ez litzateke posible izango herritarren lanagatik ez balitz". Urtero-urtero boluntario andanak laguntzen dute Zarauzko Triatloia aurrera atera dadin. Horregatik, Zarauzko Trialoti Elkarteari emango diote Kirola Bizi saria. Iratxe Aranburu Kirol teknikariak argitu du, ordea, herritar boluntarioaren lana aitortu nahi dutela aipamen horrekin, nahiz eta elkarte bati eman saria.  "Bidegurutzean petoa jantzita egoten den herritarrarena", alegia.

Lau eredu

Beste zenbait aipamen ere egingo dituzte ostiralean. Kirol zinegotziaren arabera, "iaz urte iluna izan zen herriko kirol arloarentzat; izan ere, kirolarekin zuzenean lotutako lau pertsona joan zitzaizkigun": Joxean Elortza, Juan Jose Markaide, Joxe Makazaga eta Mikel Pertusa. Bizitza osoan zehar kirolaren alde lana egindakoak dira lauak. Elortzak, besteak beste, Pagoeta elkartearekin eta arraun munduan "bihotza eta arima eman" zuen azken egunera arte. Markaide, berriz, herriko kirol ekitaldietako "ahotsa" izan zen: Hondartzako Futbol Txapelketako, arrauneko eta bikote mistoen lasterketako esatari, kasu. ZAEko historian zehar uneoro lanean jardun zuen Makazagak ere, zuzendari gisa, entrenatzaile bezala..."Hasiera-hasieratik gaur egun arte". Eskubaloiaren alde "izugarrizko lana" eginagatik aipatuko dute Pertusa ere.

Sari banaketa amaitu ostean, 20:00etan lunch-a eskainiko dute Merkatu Plazan.

 

 

 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide