Elixabette Otegi, rallyetako kopilotua: «Kanpoan jarduten dugu, Euskal Herrian ez delako ezer antolatzen errepidetik kanpo »

Nondik datorkizu zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait rallyen mundua. Betidanik joan izan gara senarra, Shanti Guridi, eta biok hemen inguruan egin diren rallysprint, rally, kros eta bestelako probak ikustera. Hasieran mendian ibitzen ginen lur orotako ibilgailuarekin, baina hemen guztia dago babestua, debekatuta. Ezin zara inon ibili, ezin zara inon sartu... Hori dela-eta, erabaki genuen isunak ordaintzekotan hobe zela beste zerbait ordaintzea, eta orduan egin genuen kanpora salto,  Euskal Herrian ez delako ezer antolatzen errepidetik kanpo. 4X4 ibilgailu gutxi daude hemen, eta gauden gutxiok Espainiara jaitsi behar izaten dugu. Gertuen Burgos geratzen zaigu, atera kontuak.

Noiz hasi zinen kopilotu gisa?

Duela bost urte, Almerian. Guztira, sei denboraldi egin ditut.  Eta ordutik Andaluzian ibili gara gehienbat: Almeria, Murtzia, Teruel... Aurten proba bat errekuperatu da, Guadalajarakoa. Urte pila batean ez da egin, eta iaz antolatu zuten berriz ere. Aurten ere berriz egitekotan daude.

Zein da kopilotu baten papera?

Raideko 4x4 ibilgailuko kopilotua naiz, azkenean da Dakar bat bezala, baina Espainian egiten dena. Nire ardura da pilotuari esatea nondik nora joan behar duen: ezkerrera jo behar duen, eskuinera, zuzen, abiadura jaitsi zein igo behar duen... Eta hori guztia nola egin adierazi behar diogu.

Orokorrean, meritua pilotuak eramaten du, baina berebizikoa da kopilotuaren papera, ezta?

Bai, noski. Oso garrantzitsua da haren papera pilotuak jakin dezan nondik nora joan. Gaizki esaten badiogu, pilotua galtzen da, eta azkenean biak. Kopilotuaren papera garrantzitsuenetakoa da, pilotuarenarekin batera. Neu hura gabe ez nintzatekeen hemen egongo; azken finean, talde bat gara.

Pilotu lanean inoiz ibili al zara?

Ez, ez dut nahi. Nik ez dakit auto bat trabeska jartzen. Ni neure bidetik joaten naiz. Kopilotu bezala bai, baina, ez naiz pilotu gisa ikusten.

Badirudi gizonezkoen mundua dela rallyena.

Bai, baina emakumezkoak ere badaude. Badago gidatzen Burgosko emakume bat, beste bat Melillakoa... Eta, gainontzean, bizpahiru bat gara kopilotu bezala jarduten dugunak.

Pentsamoldea aldatzen ari al da?

Rallyan jarduteko gustatu egin behar zaizu derrigor, eta noski, zure pilotuaz fidatu behar duzu. Izan ere, lurrean ibiltzea ez da asfaltoan ibiltzea bezalakoa. Errepideko proben aurretik zuk bidea ikuskatu ahal duzu, eta oharrak hartu gerorako. Gu, ordea, itsu-itsuan ateratzen gara. Guri route book bat ematen digute atera baino ordubete lehenago, eta horrekin helmugara iritsi behar duzu.

Zer da behar dena rallyetan parte hartzeko?

Ahal duguna egiten dugu guk. Laguntzarik ez dago halako gauzak egiteko, eta guztia geuk egiten dugu: autoa konpondu, mantendu, pintatu... Dena. Txikiak gara zentzu horretan.

Zurea pasioa da, beraz.

Bai, gustatu egiten zaigu, eta egin egiten dugu.

Eta ongi egin ere.  

Bai, ongi joan zaigu. Iaz lasterketa guztiak bukatu genituen eta hainbat sari jaso, besteak beste, Espainiako eta Andaluziako  txapelduna naiz emakumezko kopilotuen mailan, eta senarra eta biok hirugarren postuan sailkatu ginen Espainia mailan eta  bigarren postuan, berriz, geure kategorian. Aurten ere espero dugu hala jarraitzea. Martxoaren 7an hasiko da denboraldia, Lorcan.