Kafe Torerok 10 urteko ibilbidea osatu du

Kafe Torero egitasmoak hamar urte bete ditu otsailean, eta urteurren kontzertua izango da ostegun honetan. Lehendik ere Kafe Toreron aritu izan den Lou Topet talde zarauztarra aterako da oholtzara Zarauzko Euskalduna tabernan, 20:00etatik aurrera.

Egitasmoak hamar urte beteta, antolatzaileak «oso gustura eta jarraitzeko indarrez beteta» daude. Xabier Etxeberriaren esanetan, duela hamarkada bat proba moduan hasi ziren, eta urtez urte ekimena sendotzen joan da. «2005eko otsailean formatu txikiko lehen emanaldia antolatu genuenetik argi genuen kanpoko artista ezagunak ekartzearekin batera, herriko eta inguruko artista berrien plaza edo tranpolin izatea ere bazuela helburu Kafe Torerok». Herriko eta inguruko hainbat musika taldek eta artistak abiatu dute beren bidea egitasmo honen barruan, eta horiei keinu egiteko emango du urteurren kontzertua Lou Topetek. Hain zuzen, talde honen lehen kontzertuaren lekuko izan zen egitasmoa. Kafe Toreroko antolatzaileek azaldu dutenez, «opari gisa» hartzen dute kontzertu hau. «Bagenekien Lou Topet disko berria lantzen ari zela, eta taldeko abeslari Oier Arantzabal gertukoa dugunez, beraiei proposatu genien», azaldu du Etxeberriak.

Lou Topet musika taldea (Argazkia: Juan G. Andres)

Publikoaren iritzi bila

Oier Arantzabal, Oihan Larrañaga, Unai Martinez eta Ander Zulaika zarauztarrek osatzen dute Lour Topet musika taldea. Horietako gehienak aspalditik ezagunak dira Kafe Toreron, besteak beste, Lou Topet taldea sortu aurretik Garabi taldearekin behin baino gehiagotan jo zutelako Euskalduna tabernan. Beraz, «familia giroan» erakutsiko dituzte uda ondoren aurkeztu nahi duten lanaren doinuak. Sorpresaz bete dute abesti zerrenda, eta publikoaren iritzia jasotzea da beren asmoa: «Proiektu berri batean ari gara lanean, eta jendearen aportazioak berebiziko garrantzia izango du guretzat», azaldu dute Lou Topeteko kideek. Hala, musikaz gozatzeko prest daudenei gonbita luzatu diete antolatzaileek, urteurren kontzertura ager daitezen.