Brigadisten Eguna antolatu dute larunbaterako Zarautzen

Nerea Uranga 2015ko ots. 26a, 19:23

Brigadisten Eguna antolatu dute larunbaterako Zarautzen, Askapenak eta Ernaik elkarlanean. Beharrezkoa delako... elkartasun zubiak indartu! lelo hartuta, egun osoz brigada talde desberdinen esperientziez eta jardunaz ariko dira Putzuzulo gaztetxean.

Aurreneko aldiz antolatu dute Brigadisten Eguna Zarautzen. «Orain dela hilabete batzuk sortu zen Zarautzen Askapenako taldea, eta ordutik hitzaldi bat eta Hassanna Aaliarekiko elkartasun elkarretaratze bat ere egin ditugu herrian», dio Pello Iruretagoiena Zarauzko Askapena taldeko kideak. Biharko antolatu duten egunarekin, esperientzia desberdinetan parte hartu duten herritarrek elkar ezagutzea dute helburu: «Herrian jende asko dago boluntario bezala elkartasun proiektu eta esperientzia desberdinetan dabilena edo ibili dena, eta Brigadisten Egunarekin elkarren berri izan eta proiektu desberdinak ezagutzea da gure nahia».

Bihar, Putzuzulon, datorren udarako Askapenak antolatuta dituen brigada desberdinen berri emango dute, 11:00etan. Segidan, Dorleta Agiriano Laik iazko udan Herrialde Katalanetan brigadista bezala izandako esperientzia azalduko du. Honekin batera,  Anna Gabriel Sabaté Endavant-eko kideak eta CUPeko parlamentarien aholkulariak hitzaldia emango du, Herri boterea eraikiz, behetik eta ezkerretik gai hartuta. «Iaz Herrialde Katalanetan izan zen brigadarekin lotuta dago hitzaldi hau, ideia orduan sortu zen. Anna Gabriel Sabaték lau hitzaldi emango ditu asteburu honetan lau herritan: Zarautzen, Lekeition, Arrasaten eta Altsasun», azaldu du Iruretagoienak.

Goizeko solasaldiaren ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute gaztetxean. Horretarako aurrez izena eman beharko da askapenazarautz@gmail.com helbidera idatzita.

Bi mahai-inguru

Bazkalondorako bi mahai- inguru antolatu dituzte Brigadisten Egunaren barruan Putzuzulon; biak, Internazionalismoa zarauztar brigadisten begietatik izenburu hartuta. Aurrenekoan, 16:00etan hasita, Latinoamerikaz jardungo dute: Ganix Gesalagak (Bolivia), Malen Iruretagoienak (Zapatisten eskolatxoa), Gorka Silvanek (maputxe herria) eta Hugo Markaidek (Nikaragua sandinista). Bigarren solasaldian, 17:30etik aurrera,  estaturik gabe herriez ariko dira: Aritz Labiano (Sahara), Gari Berasaluze (Palestina), Samara Velte (Kurdistan) eta Ainhoa Agirreazaldegi (kultur gutxituen arteko elkarlana).

Dorleta Agiriano Lai: «Beste herri batzuekin loturak egitea  beharrezkoa dela uste dut»

Askapenako brigadista bezala iazko udan Herrialde Katalanetara joan zen Dorleta Agiriano Lai (Elmhurst, Illinois, Ameriketako Estatu Batuak, 1994). Zarauztarrak bihar, Putzuzulon, han bizitako esperientzia kontatuko du Zarauzko Brigadisten Egunaren barruan.

Nolatan animatu zinen brigadista bezala joatera?

Hemen Euskal Herrian militatzetik eta hemengo borrokan aritzetik, lagun batek eta nik igoal pauso bat gehiago eman behar genuela erabaki genuen, beste herri batzuetako errealitatea ezagutuz. Iruditzen zait, beste herrietatik asko daukagula ikusteko, entzuteko eta ikasteko. Eta, bestetik, guk ere herri bezala asko daukagu emateko. Lan horretan aritzea beharrezkoa ikusten genuen, eta animatu eta joan egin ginen. Gainera, hain justu Askapenaren kanpainari buruz entzun genuen, eta han izena eman eta parte hartzera animatu ginen. Aurretik formakuntza jaso genuen, eta udan joan ginen brigadista bezala.

Herrialde Katalanetara joan zinen, noiztik nora?

Iazko abuztuaren bukaera aldera joan ginen, eta bi aste pasatu genituen bertan. Irailaren 11n, Diada ere han pasatu genuen. Gure brigada Herrialde Katalanen hegoaldetik hasi genuen, Valentziatik, eta han lau egun pasatu genituen. Gero goraka joan ginen, eta azken egunak Bartzelonan pasatu genituen.

Eta, han zer egin zenuten?

Nahiko intentsoa izan zen egonaldia. Aurreneko egunetik  bilerak eduki genituen hango mugimendu, eragile eta plataforma desberdinak ezagutzeko. Gehienbat hango ezkerra indepentistaren baitakoak ziren ia guztiak. Egunero edukitzen genituen bilerak; berez, guk ere hitzaldi bat edo beste eman behar genuen han. Ordea, azkenengo momentuan arazoak egon ziren, eta bertan behera gelditu ziren guk eman beharreko hitzaldiak. Bilerez gain, bertako esparru desberdinetako jendearekin ere egon ginen, baina beti ere aurrez aipatutako ildo politiko horretakoekin.

Esperientzi horretatik pertsona bezala zer jaso duzula esango zenuke?

Pertsona bezala ekarpen handia jaso nuen. Gainera, gu joan ginen garaia garrantzitsua eta esanguratsua zen, lehenengo kontsultaren aurreko hilabeteak zirelako. Esperientzia intentsoa, interesgarria eta polita izan zen. Guk, hemendik, Herrialde Katalanetako toki bateko informazioa genuen batik bat, horregatik Valentzia ere ezagutzea esperientzia ederra izan zen, bereziki hango gutxi ezagutzen nuelako, eta pila bat ikasi nuen hango ezkerra independistaz. Oso-oso interesgarria izan zen, gu bezala behetik eta ezkerretik eraiki nahi dugun herri batek bere borroka nola eramaten duen ezagutzea. Gure borroka nola ikusten duten ere jaso genuen, eta antzekotasun pila bat daudela aurkitu ditugu. Maila pertsonalean oso esperientzia polita izan zen, jende asko ezagutu genuelako, eta orokorrean oso jende jatorra eta fina.

Askotan pentsatzen da brigadista urrunagoko herrietara joan behar dela. Zuek gertuagoko batetara joan zarete?

Nik ere hasieran, brigadista entzunda, burura gehiago etortzen zitzaidana zen urrunagora joatea. Gainera, Palestinara joateko asmoa neukan, baina azkenean batagatik eta beste arazo batzuengatik Herrialde Katalanetara joateko aukera eduki nuen. Orain, erabaki edo aukera horri heldu izanaz asko pozten naiz. Igoal, ahaztu egiten zaigu internazionalismoa estatu baten barruan ere eraman ahal dugula. Gertu, etsai berarekin, borroka piloa ditugu, eta estatu bat partekatzen dugulako gertutasun hori sentitzen dugu.

Orain, brigadista beste norabaitera joateko asmorik ba al daukazu?

Egia esanda Herrialde Katalanetako brigada bukatu eta gero, pentsatu nuen berriro Espainiako Estatuan izango zen beste brigada batetara joatea: Gaztela Aragoiko brigada badago, eta aurten berria antolatuko dute Galiziarako.  Oraindik ez dakit, baina arazo ekonomikorik ez badaukat eta aukera baldin badut, igoal aurtengo udan ez, baina seguru nago hemendik urte batzuetara nonbaitera joan nahi dudala, eta ahal bada Espainiako Estatuko brigada batetara, oso aberasgarria izan zelako Herrialde Katalanetara joatea.

Brigadista joatera animatuko al zenuke jendea?

Bai, askotan baztertuta uzten dugun ildoetako bat delako internazionalismoa. Nik uste dut, beste herri batzuekin loturak eraikitzen hastea beharrezkoa dela; asko daukagulako beraiengandik ikasteko, ekarpen handia egingo digutelako bai mugimendu bezala eta baita pertsona bezala ere. Horregatik guztiagatik, edozein pertsona animatuko nuke brigadista bezala parte hartzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide