Brigadisten Eguna antolatu dute biharko Zarauzko Putzuzulon

Nerea Uranga 2015ko ots. 27a, 00:00

Duela hilabete batzuk sortu zuten Zarauzko Askapena taldea, eta hitzordua jarri dute talde horrek eta Ernaik hainbat brigada esperientzia ezagutzeko asmoz

Brigadisten Eguna antolatu dute biharko Zarautzen, Askapenak eta Ernaik elkarlanean. Beharrezkoa delako... elkartasun zubiak indartu! lelo hartuta, egun osoz hainbat brigada talderen esperientziez eta jardunaz ariko dira Putzuzulo gaztetxean.

Aurreneko aldiz antolatu dute Brigadisten Eguna Zarautzen. «Orain dela hilabete batzuk sortu zen Zarautzen Askapenako taldea, eta ordutik hitzaldi bat eta Hassanna Aaliarekiko elkartasun elkarretaratze bat ere egin ditugu herrian», esan du Pello Iruretagoiena Zarauzko Askapena taldeko kideak. Biharko antolatu duten egunarekin, esperientzia desberdinetan parte hartu duten herritarrek elkar ezagutzea dute helburu: «Herrian jende asko dago boluntario bezala elkartasun proiektu eta esperientzia desberdinetan dabilena edo ibili dena, eta Brigadisten Egunarekin elkarren berri izan eta proiektuak ezagutzea da gure nahia».

Datorren udarako Askapenak antolatuta dituen brigada desberdinen berri emango dute bihar Putzuzulon, 11:00etan.

Segidan, Dorleta Agiriano Laik iazko udan Herrialde Katalanetan brigadista bezala izandako esperientzia azalduko du. Honekin batera, Anna Gabriel Sabate Endavant-eko kideak eta CUPeko parlamentarien aholkulariak hitzaldia emango du, Herri boterea eraikiz, behetik eta ezkerretik gai hartuta. «Iaz Herrialde Katalanetan izan zen brigadarekin lotuta dago hitzaldi hau, ideia orduan sortu zen. Anna Gabriel Sabatek lau hitzaldi emango ditu asteburu honetan lau herritan: Zarautzen, Lekeition, Arrasaten eta Altsasun», azaldu du Askapenako kide Iruretagoienak. Goizeko solasaldiaren ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute gaztetxean bertan. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da mezu bat idatzita askapenazarautz@gmail.com helbidera.

Bi mahai-inguru

Bazkalondorako bi mahai- inguru antolatu dituzte Brigadisten Egunaren barruan Putzuzulon; biak, Internazionalismoa zarauztar brigadisten begietatik izenburu hartuta. Aurrenekoan, 16:00etan hasita, Latinoamerikaz jardungo dute hainbat zarauztarrek: Ganix Gesalagak (Bolivia), Malen Iruretagoienak (Zapatisten eskolatxoa), Gorka Silvanek (maputxe herria) eta Hugo Markaidek (Nikaragua sandinista). Bigarren solasaldian, 17:30etik aurrera, estaturik gabeko herriez ariko dira: Aritz Labiano (Sahara), Gari Berasaluze (Palestina), Samara Velte (Kurdistan) eta Ainhoa Agirreazaldegi (kultur gutxituen arteko elkarlana).