EAJk Zarautz Lur «bere kortijo» bihurtu nahi duela esan du EH Bilduk

Zarauzko EH Bilduk salatu du EAJak «bere kortijo» moduan erabili nahi duela lurzoruaren kudeaketaz arduratzen den Zarautz Lur udal erakundea. «Zarautz Lur-eko Administrazio Kontseiluaren osaketan gehiengo osoa ziurtatu nahi izan dute, herritarrek maiatzeko hauteskundeetan bozkatu zutenari muzin eginez».

Pasa den astean gaiaren inguruko batzarra egin zuten, eta bertan erabaki zen EAJk lau kide izango dituela Zarautz Lur-eko Administrazio Kontseiluan, EH Bilduk bi, PSE-EEk bat eta Irabazi Zarautzek beste bat. «EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek ezezkoa bozkatu genuen. Izan ere, modu honetan, EH Bildu, PSE-EE eta Irabazi Zarautz ados jarrita ere, ezinezkoa litzateke proiektu bat aurrera eramatea», azaldu dute oharrean.

Administrazio Kontseilua zazpi kidez osatuta egotea proposatzen du EH Bilduk. Horrela, batzorde informatiboetan bezala, ordezkaritza botoen araberakoa litzateke: EAJk hiru, EH Bilduk bi, PSE-EEk bat eta Irabazi Zarautzek beste bat.