Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruizek irabazi dute Zarauzko III. Daniel Txopitea Beka

 

https://vimeo.com/112798494

Si vis pacem para bellum (Bakea nahi baduzu, prestatu gudarako) proiektua aukeratu du epaimahaiak, “indarra eta ausardia” duela argudiatuta. Horren bidez, Nora Aurrekoetxeak eta Laura Ruizek aurkeztutako proiektua gatazka politikoen barruan sortutako iruditegi, sinbolo, borroka eta erresistentzia moldeak berritxuratzean datza. Hiru fase izango ditu lanak. Lehenbizi, gatazka politikoaren inguruko iruditegia aztertuko dute. Ondoren, irudiak eraldatuko dituzte askotariko teknikak erabiliz. Horren helburua "plano piktorikoa eta historikoa elkarrizketan jartzea" izango da. Azkenik, bigarren fasean lortutako materialarekin hiru dimentsioko argi kutxak sortuko dituzte. "Argazkia, eskultura eta irudiaren objektualizazioaren arteko hibridoak sortuz".

Aurrekoetan bezala, Aurrekoetxeak eta Ruizek 3.000 euro jasoko dituzte proiektua sortzeko. Horretarako sei hilabete izango dituzte gehienez. Zarauzko Udalak Sortaldea Kultur Eremua utziko die, eta gehienez sei hilabete izango dituzte proiektua burutzeko.  Ainize Txopitea, Txiki Agirre ‘Keixeta’, Dora Salazar eta Juan Pablo Huercanos artistek eta Zarauzko Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek osatu dute aurten epaimanahaia. Martxoaren 31an emango diete beka, jendaurreko ekitaldian, eta bertan emango dituzte bi gazteek egitasmoaren nondik-norakoak.

Okela Sormen Lantegiko webgunean aurki daiteke bi artista horien inguruko informazio zabalagoa.