Zarautzen lan egin eta bizi ahal izateko hirigintza politikak

Higiezinen burbuilan murgilduta, Zarauzko Udalak mugarik gabeko hedapenean eta eraikuntzan oinarritutako planeamendua adostu zuen aurreko legealdietan. Eredu horrek hainbat arazo zituen, besteak beste, bideragarritasun ekonomikorik ez zuten plangintzak, eraikuntzan soilik oinarritutako eremuak eta, kasu batzuetan, teknikoki bideraezinak ziren proiektuak proposatu baitzituzten. Gaur egungo Udal Gobernuaren ustez, etxebizitza politikari dagokionez, eraikuntzan oinarritutako politika zen, eta ez zuten proposamenik garatu eraikita zegoen etxebizitza parkearentzat; erabilera gutxi zuten etxebizitzentzat, eraberritzeko beharra zutenentzat edo etxe hutsentzat.

Zarauzko Udal Gobernuak ordura arte izandako joerarekin hautsi eta beharrak hala eskatuta eta irizpide politiko-sozial iraunkorrak oinarri hartuta, aldaketa sakona egin du azken lau urteetan.

Lana

Lan arloan, Errotaberrin Zarauzko industrialde berria garatzeko bidea ireki du udalak. Ordura arte, Ura Agentzia Errotaberri gunea urbanizatzeko oztopoak jartzen ari zen; hala ere, udalak eta Ura Agentziak adostasunera iristea lortu dute, eta apirilean 2015-2016an eremua garatzeko hitzarmena sinatuko dute. Hala, Ura Agentziak bost milioitik gorako inbertsioa egingo du Errotaberri hiritartu eta Iñurritza erreka naturalizatzeko.

Bestalde, udalak nahi du Hegoalde eremua etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak bilduko dituen eremua izatea epe luzera begira; zarauztarrek industriarekin lotuta jarduera ekonomiko arinak bertan garatu ditzaten. Gainera, aurrera begira Errotazar eremua garatzeko eztabaida mahai gainean jarri beharko dela ere uste du Zarauzko Udalak.

Etxebizitza politika

Etxebizitza politikari dagokionez, eredu jasangarri baten aldeko apustua egin du Zarauzko Udal Gobernuak, eta eraikita dagoen etxebizitza parkea ahalik eta gehien aprobetxatzea du helburu. Horretarako, Europan hedatuta dauden politikak garatu behar direla uste du: erabilpenik ez duten etxebizitzei errekargu fiskalak jartzea eta etxebizitzak alokairuan jartzeko laguntzak, pisuak alokatzeko gazteei zuzendutako laguntzak, etxebizitzak birgaitzeko edota irisgarritasun lanak egiteko diru laguntzak ematea, alegia.

Ildo horretan, Salberdingo plan berezia higiezinen burbuilan oinarritutako plangintza izatetik, garapen iraunkorra eta bidegarritasun ekonomikoa bermatuko duen plangintza izatera pasa da; gainera, eremu horretan 235 etxebizitza alokairu sozialera bideratzeko aukera ireki dute.

Aldapetan ere, alokairura bideratutako etxebizitzak eta hasieran plangintzan zehaztutakoa baino etxebizitza merkeagoak ahalbidetu ditu Udal Gober- nuak, Vista Alegrerako irisgarritasuna hobetuz eta adinekoentzat 800 metro koadrotik gorako ekipamenduak lortuz.

Ingurumena kontuan

Ingurumenaren gaia ere garrantzitsua izan da Zarauzko Udalarentzat agintaldian zehar. Iñurritza, Talaimendi, Irita, Sakeletxe, Asti eta Santa Barbara ere- mu bezala babesteko urratsak eman behar direla uste du; «batez ere, eremu urbanoaren eta ez urbanoaren arteko ertzak, hedapenerako tentagarrienak izaten baitira». Iritan, esaterako, inongo bideragarritasun ekonomikorik eta oinarririk ez zuen egitasmoa aurrikusita zuen aurreko Udal Gobernuak, eta honek 8 milioi eurotik gorako zuloa utzi dio SPRILURek, Aldundiak eta Udalak osatutako elkarteari. Proiektu hori atzean utzi dute; eremua hezegune bezala mantenduko da, eta Errotaberrin industrialdea egitea aurrikusi dute, Itxasmendi auzoko beharrak kontuan hartuta. Horrek, Iñurritzak, Iritak eta Sakeletxek osatzen duten Eraztun Berde-Urdina indartuko luke.

Bestalde, energiaren kontsumo iraunkorragoa bultzatzeko egitasmoetan ere sakondu nahi du Udalak aurrerantzean.

Neurriko azpiegiturak

Mugarik gabeko hedapenaren ondorio izan dira kasu askotan neurri gabeko azpiegiturak. Hori ekiditeko, sektorekako eztabaida bultzatu da eta bertan zehaztutako beharren arabera ekipamendu mapa zehatza egin eta planifikatuko da. Kortazarrek, adibidez, etxebizitzetara bideratutako eremua izan ordez, auzoari eta herri guztiari ekarpena egingo dio. Alde Zaharrean, Torre Luzeako eremuan aldaketa egin da, eta aurrera begira egiteko beste batzuk proposatu dira. Horrela, desjabetze traumatikoak ekidin dira, eta Salberdinen espazio librea handiagotuz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide