Bihar amaituko da Aritzbatalde Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea

90 ikastaro inguru eskainiko ditu ikasturtean zehar Aritzbatalde Kiroldegiak. (Amaia Ventas/Hitza)

2015-2016 ikasturtean zehar kirola egin nahi duten zarauztarrek Aritzbatalde Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dute. Helduen ikastaroei dagokionean bihar iluntzean itxiko dituzte izena emateko zerrendak eta igeriketa eskolan parte hartu nahi duten haurrek, berriz, hilaren 11 arte izango dute zabalik epea.

Urtero bezala eskaintza zabala prestatu du Aritzbatalde Kiroldegiak. 90 ikastaro inguru eskainiko ditu aurten eta iazko diziplinez gain berrikuntza bezala haurdun dauden emakumeentzat uretako saioak eta total training eta ariketa hipopresiboen ikastaroak prestatu ditu. Gainera, astean zeharreko saioetan parte hartu ezin dutenentzat larunbatetan spinning eta zumba ikastaroak izango dira.

Helduen ikastaroak irailaren 16an abiatuko dituzte eta gaztetxoak, berriz, hilaren 28an hasiko dira igeriketa eskolekin.

Kiroldegitik jakinarazi dute ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek kiroldegira bertaratu beharko dutela izena-emateko. Pasa den ikasturtean maiatzean edo ekainean ikastaroren batean parte hartzen aritu ziren herritarrek jarraitu nahi badute lehentasuna izango dute. Hala ere, kiroldegiko harreran jakinarazi beharko dute jarraitzeko asmoa.

Kirol eskaitza anitza

Zarauzko Udalaren eta Aritzbatalde Kiroldegiaren helburua kirola egiteko aukera herritar guztiei zabaltzea da, baita behar bereziak dituzten kolektiboei ere. Ildo horretan, Zarautzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta Hezkuntza Sailarekin izandako lankidetzari esker, duela urte batzuetatik erretiratuentzat eta Parkinson gaixotasuna dutenentzat ikastaro bereziak antolatzen dituzte; baita kirol egokitua eta eskola umeentzat igeriketa saioak ere.

Zarauzko Udala gustura dago Aritzbatalde Kiroldegiak herritarren artean duen harrerarekin. "Onarpen handia» dute Aritzbataldeko ikastaroek zehaztu du Iban San Martin kirol zinegotziak. «Kiroldegiko teknikariek eta BPXport Kirol Zerbitzuak enpresak eskaintza anitza eta kalitatezkoa prestatzeko egiten duten lanaren adierazle da herritarrek izaten duten erantzuna". Iaz esaterako 1.150 lagun aritu ziren hilero ikastaroetan parte hartzen; horietatik 650 lehorreko saioetan eta 500 igerilekuan. Gaur egun 7.000 bazkide inguru ditu Aritzbatalde Kiroldegiak