Zarauzko Astiko instalazioak modernizatzeko konpromisoa hartu du Markel Olanok

Atzo Markel Olano EAJko Gipuzkoako ahaldungaia Zarautzen izan zen, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena hautagaiekin.  Zarauzko alkategai Xabier Txurrukarekin eta Aiako alkategai Nekane Arrizabalagarekin bildu zen, eta konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako kirol-instalazioak modernizatzeko plana egiteko.

Plangintza horrekin Gipuzkoako eskualdeetako kirol instalazioak optimizatzea da asmoa, hain zuzen ere, eskualdeak oinarri dituen kirol instalazioen mapa egiteko, betiere, kirol elkarteen eta erabiltzaileen iritzia kontuan hartuta, instalazioen egoera eta beharrak azterteko. Olanok, halaber, gogorarazi zuen urtarrilean Zarautz bisitatu zuela eta, orduan, Astiko kirol instalazioak ezagutu zituela. Esan zuen, kirol elkarteetako arduradunek azaldu zietenaren arabera, txikiak gelditu direla, dagoen eskaria kontuan hartuta. Hortaz, Olanok konpromisoa hartu du, Txurruka eta kirol elkarteekin elkarlanean aritzeko Astiko instalazioak modernizatzeko, hain zuzen ere, futbol eta errugbi zelaiak berritzeko eta atletismo pista berria egiteko, "Asti modernizatzeko aurrerapausoa izango direlako eta, gainera, eskualdean eragin handia izango duelako".

Era berean, EAJko Gipuzkoako ahaldungaiak segidakoa nabarmendu zuen: “Beste erronka bat dugu ere: oinarrizko kirola eta kirol egokitua sustatzea”. Olanoren ustez, Gipuzkoan gero eta gehiago sustatzen da kirola egitea, eta horren adierazle da, kirol elkarteek gero eta nerabe gehiago dituztela kirola egiten eta, ondorioz, federatuen lizentzia kopurua asko hazi dela. "Eta horrek beharrezkoa egiten du, instalazio modernoak, optimizatuak eta kluben zein erabiltzaileen beharretara egokituak izatea".

“Eskualde bakoitzeko kirol instalazioen ekonomia-jasangarritasuna eta instalazioak ahalik eta gehien aprobetxatzea sustatuko dugu", gaineratu zuen Olanok. "Eta beraz, kirol instalazio berriak egiterakoan eta daudenak aztertzerakoan, gure ebaluazio eredua diseinatu eta aplikatuko dugu, betiere, eraikitze kostuaz harago, irizpide teknikoa, ekonomia-eragina eta gizarte-onurak kontuan hartuta".