Zarauzko Udalak diru-laguntzak emango ditu establezimenduetako errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko

Zarauzko Udalak establezimenduetako errotulazio elementuak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko diru-laguntzak emango ditu. Laguntza horiekin euskararen erabilera soziala sustatu eta hedatu nahi da, eta horrenbestez, bere normalizatzea bideratu, batez ere  hirugarren sektorean, hau da, merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuetan. Horretarako, Udalak 2.250 € izendatzen ditu deialdi bakoitzerako.

Errotuloak euskaraz jartzeko laguntza eskatu nahi dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte: errotulua euskaraz bakarrik idatzita egotea, eta euskara zuzena eta egokia erabiltzea eta establezimenduetan kanpora begira jartzen diren inskripzioak euskaraz bakarrik idatzita egotea. Ez da diru-laguntzarik emango errotuluan izen berezia bakarrik agertzen denean; langintza motaren eta jarduera profesionalaren adierazlea hartuko da kontuan. Udalak eskatzaile bakoitzari behin bakarrik emango dio errotulua euskaraz jartzeko diru-laguntza. Diru-laguntzaren onuradunak, bere aldetik, konpromisoa hartuko du diruz lagundutako errotuluak hala izaten jarraituko duela hortik aurrera, inoiz gaztelaniazko errotulua jartzeko aukera guztiz baztertuta.

Irudi korporatiboa euskaraz jartzeko laguntza eskatu nahi dutenek, berriz, ondoko baldintzak beteko dute: irudi korporatiboko elementuak euskaraz bakarrik idatzita egotea, eta euskara zuzena eta egokia erabiltzea. Kasu honetan ere, ez da diru-laguntzarik emango irudi korporatiboa osatzen duten elementuetan izen berezia bakarrik agertzen denean; langintza motaren eta jarduera profesionalaren adierazlea hartuko da kontuan. Irudi korporatiboa euskaraz jartzeko laguntza  behin bakarrik emango du udalak eta eskatzaileak konpromisoa hartuko du diruz lagundutako irudi-korporatiboko elementuak euskaraz izaten jarraituko dutela.

Web orriak ere bai

Bestalde, web orriak euskaraz jartzeko diru-laguntzak ere emango ditu udalak, urtero legez. Horren helburua euskararen erabilera sare sozialetatara hedatzea da. Horretarako 1.500 euro jarri dira 2015ean. Diru-laguntza hau eskatu ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dira: Zarautzen izatea helbide fiskala; edukiak oso-osorik euskaraz izantea—horrek ez du eragozten beste hizkuntzaren batean ere izatea—; hizkuntzaren kalitatea eta zuzentasuna bermatzea eta webgunea elikatzea.

Udalak behin bakarrik emango du web gunea euskaraz jartzeko diru-laguntza eta eskatzaileak konpromisoa hartuko du web guneak hala izaten jarraituko duela.

Eskaera guztiak egiteko epea 2015eko ekainaren 5ean bukatuko da.  Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan. 943-005116 telefonora deituta zein euskaraz@zarautz.eus helbidera idatzita.