Arraio Irratiak 9 urte uhinetan

Arraio Irratiaren 9. urteurrena ospatzeko irratsaio berezia egin zuten pasa den larunbatean. (Egilea: Amaia Ventas)

Duela bederatzi urte Arraio Irratia berpiztu zuen Zarauzko hainbat lagunek. Ordutik «ahotsik ez duten eragileei eta norbanakoei hitza eman, desinformazioari aurre egin eta errealitatea zabaltzen» aritu dira bederatzi urtez. Egun zortzi irratsaio dituzte; horietako lau astero emititzen dituzte, eta beste hainbeste hilabetean behin. Horretaz gain, Arraio Irratia Arrosa Sarea Euskal Herriko irrati libre eta komunitarioen sarearen parte da, eta beste irratiekin partekatzen dituzte irratsaioak parrilla osatzeko. «Gustura gaude, Arraio Irratia urtez urte bere tokia hartzen joan delako eta egun herrian baduelako bere txokoa: FMko 99.3a».

Hasiera batean Zarautzen bakarrik entzuten bazen ere, pasa den maiatzean beren uhinen hedapena zabaldu zuen Arraio Irratiak, eta egun Getarian, Arroan, Oikian eta Aian ere entzun daiteke irrati librea.

2006ko maiatzaren 20an «okupatu» zituzten FM-ko uhinak Arraio Irratiko kideek, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

Parte hartzea sustatuz

Erreferentzialtasuna lortu eta herritarrek Arraio Irratia gainontzeko komunikabideak bezala aintzat hartzea lortu nahi dute Arraioko kideek. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaie eragileei eta norbanakoei hitza ematea, eta parte hartzeko bideak ahalbidetu dituzte. «Elkarrengandik desberdinak garen lagunok osatzen dugu Arraio Irratia, eta asanblada bidez funtzionatzen dugu. Horrek egiten du Arraio Irratia herritarrekiko hurbilagoa eta parte-hartzaileagoa izatea», azaldu dute. Ildo horretatik, herritarrak parte hartzera animatu dituzte. Hala, herritarrek beren kezka, zaletasun, iritzi eta galderak bidali ditzakete info@arraio.net helbidera. Horretaz gain, hilabeteko azken igandean 17:00etatik aurrera Putzuzulo gaztetxean egiten duten batzar orokorrean ere parte hartu dezakete.

EGITARAUA

Bihar, maiatzak 20

- 20:00etan, brindisa egingo dute Putzuzulo gaztetxeko tabernan. Pintxo pote «bikaina» prestatuko dute.

Ostirala, maiatzak 22

- 22:30ean, kontzertu akustiko lasaia izango da Putzuzulon. Kinada eta Morau eta Beñardo taldeak igoko dira oholtza gainera. Morau eta Beñardo bikoteak Arrainentzat Himnoak diskoko abestiak eskainiko dituzte.

Larunbata, maiatzak 23

- 14:30ean, herri bazkaria Putzuzulo gaztetxean. Menuaren barruan entsalada, albondiga beganoak, postrea, kafea ta kopa daude. Txartelak salgai daude 10 eurotan Arrano eta Eguzki tabernetan eta Putzuzulon.

- 17:00etan, Bi Bala taldearen kontzertua.

- 22:30ean, Managaitz, Ezin izan eta Leihotikanen kontzertua.