ERREAKZIOAK, 'herriko tabernak'

Harralde (Getaria)

Harraldeko lehendakariak esan du azken ordubetean izan dituztela zurrumurruak albistearen inguruan. Hala ere, telebista bidez jakin du lehendakariak albistearen berri, eta Harraldera bidean zijoan Urola Kostako Hitzak deitu dionean. “Zoritxarrez”, espero zuten berria zen: “Ez genuen halakorik gertatzea nahi, baina Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen ikusita, espero genuen hau”.

Hark azaldu du “Espainiaren anakronismoa” dela hori. “Batzuk bake bidean ari garen bitartean, besteak beti moduan jarritzen dute”, nabarmendu du. 25 urte egiten ditu Arralde Herriko Tabernak datorren urtean, eta bazkide ugari ditu Gertarian. Oraindik mobilizaziorako ordua jarri ez badute ere, deialdia egingo dute aurki: “Herritarrekin batera egingo dugu dena, beharrezkoa dugu haien babesa”.

Orkatz (Azpeitia)

Orkatzeko kideek ere espero zuten berria. “Txarrenaren zain geuden, Audientzia Nazionalarengandik beti espero dugu txarrena”, adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dute “injustizia bat” iruditzen zaiela gertatzen ari dena: “Orkatzeko bazkideek, herritarrek, beraien poltsikotik jarritako diruarekin irekitakoa da Orkatz, eta Audientzia Nazionalak itxi du. Nola uler daiteke hori?”.

“Denen beharra izango dugu”, adierazi dute. Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzera, gaur 19:30ean Azpeitian egingo dute Azpeitian. “Ahal dugun gehiena eutsi behar diogu, defendatu egin behar dugu Orkatz”. Orkatzek 58 bazkide ditu, eta datorren astean ospatuko dute 22. urteurrena.

Inpernupe (Zumaia)

“Bapatean” harrapatu ditu epaiak Zumaian, eta oraindik ez dira bildu etorkizunaz hitz egiteko. “Nahiz eta Espainiako epaitegiak politizatuta daudela jakin, azken unera arte egia nagusituko zenaren esperantza izan dugu”, adierazi dute haiek.

Orain zer egin aztertu behar dutela esan dute, eta aukera izanez gero, errekurtsoa jartzea dute buruan Inpernupeko kideek. Horrez gain, honakoa azaldu dute: “Auzitegi Gorenak epaia berretsi duenez exekutatu dezakete, ez badu Auzitegi Konstituzionalak errekurtsoa tramitera onartzen eta exekuzioa geldiarazten. Bestela, berez edozein unetan exekutatu dezakete”.

“Zalantza ugari” daude exekuzioaren inguruan, haien arabera, eta ez dakite zer gertatuko den. “Aurrekaririk ez dago, beraz, ez dakigu prozedura penal arrunta jarraituko duten edo herriko tabernak Herri Batasunaren ondarea direla kontsideratuta, Herri Batasunaren ilegalizazioarekin lotuko duten”, azaldu dute.

Epaia “guztiz politikoa” dela iritzi dute. “Estatu mailan boterean daudenen aldetik behin eta berriz ukatu egiten dute gatazka politikoa dagoenik, baina gerra egiten ari dira gerra tresnekin, legedia behartuz eta epaileak justiziatik aparteko interpretazioak egitera eramanaz”. Espainiatik, “irabazleak eta galtzaileak” daudela nabarmendu nahi dutela uste dute Inpernupekoek.

Arrano (Zarautz)

Zarauzko Arranoko kideek espero zuten berria. “Espero ez genuena zen ebazpena horren azkar iristea”, azaldu dute. Arrano itxi bitartean, “funtzionamendu normala” izango dute tabernan.

“Kontuan hartu behar dugu langile batzuen jatekoa ere kolokan dagoela, haiek ere arriskuan daude”, esan dute. Arranoko kideen arabera, “epaiketa politikoa” da hau, eta konponbidea aurkitzea “ezinezkoa” da gauzak aldatzen ez diren bitartean.

Joseba Permach

Joseba Permachen arabera, epai honekin euren kontrako epaia «berretsi» egiten da. «Independentziaren kontrako epai gogorra da, eta argi geratu da jarduera politiko hutsagatik kondenatuak izan garela. Aipatu beharra dago, Auzitegi Gorenak bilkurak, prentsaurrekoak, batzarrak izan dituela proba gisa gu epaitzeko», esan du Permachek.

Gorenak helegitea partzialki onartu egin du, eta horrek zigortuak kartzelara ez joatea eragingo du, baina Permachek gogorarazi du dagoeneko beteta dutela ezarritako zigorra. «Kasu gehienetan, ordea, denbora gehiago egin dute zigortuek kartzelan. Kasurik larriena Rufi Etxeberriarena da, lau urte bete zituen kartzelan», nabarmendu du.

Epaiak herri mailan izango duen ondorioa ere azpimarratu du zarauztarrak: «101 herriko taberna konfiskatzea onartu du Gorenak, eta garbi geratu da Estatu espainiarraren jarrera. 36ko gerraz geroztik, izan den konfiskaziorik gogorrena da honakoa». Haren ustez, elkarteek «politikoki eta kulturalki» egin duten lanarekin bukatu nahi du estatuak.