Xabier Txurruka: "Guztiekin gobernatzea da gure asmoa, guztiak garelako beharrezkoak”

Xabier Txurruka hautagai jeltzaleak irakurketa “oso baikorra” egin du hauteskundeetako emaitzen gainean. “Zarauztarrei eskerrak eman nahi dizkiegu bihotzez, eman diguten babes zabalagatik eta gure proiektuarengan jarritako konfiantzagatik. Emaitzak esanguratsuak dira, eta berretsi egiten dute azken urteetan zehar esan izan duguna: bazegoela udalean norabide aldaketa eskatzen zuen gehiengo bat, bai gobernatzeko formetan, eta baita politiken edukietan ere”.

2011n baino ia 2.000 boto gehiago jaso ditu EAJk Zarautzen, 4.813 guztira.  21 zinegotzietatik, 10 eskuratuko ditu, beraz, gehiengo absolututik ia bakarrera. “Sekulako ardura sentitzen dugu eta herritarrei kale ez egiten eta guztiontzat gobernatzen saiatuko gara", nabarmendu du Txurrukak. "Udal Gobernua osatzeko zilegitasunarekin eta ilusioarekin sentitzen gara. Herriaren lehentasunei erantzutea da gure asmoa: enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzea; giza babeserako sistemari eustea eta gure herritarren bizi kalitatea hobetuko duten proiektu eta zerbitzuak aurrera ateratzea”, azaldu du.

Zarauzko 28 mahaietatik, 21ean lortu dute garaipena jeltzaleek. Panorama politikoa "nabarmen argitu" dela dio: "Hiru aukera nagusi finkatu dira Zarautzen: EAJk ordekatzen duen abertzaletasun historiko eta aurrerakoiarena; ezker abertzalearena, eta PSE-EErena, bere indarrari eusten diona. Herri plurala da gurea. Hori dela eta, etorkizuneko Zarautz, akordioan eta elkarrizketan oinarrituta diseinatu behar dugu ezinbestean”.

Txurrukak argi dauka zeintzuk diren emango dituen lehen pausoak. “Lanean hasiko gara oraintxe bertan Zarauzko hurrengo Udal Gobernuko arloz arloko arduradunak izendatzeko. Eta ahal bezain pronto, alderdi politiko guztietako ordezkariekin bildu nahi dut, agintaldiko lehentasunak jasoko duen Kudeaketa Plana lantzen hasteko". Hasieratik "helbururik inportanteenak" argi izan behar dituztela ohartarazi du, horiek nola bete guztien artean adostu ahal izateko. "Guztiekin gobernatzea da gure asmoa, guztiak garelako beharrezkoak”.

Era berean, aditzera eman duenez, “Zarautzen gobernu ardurak eduki dituzten guztien ezagutza eta eskarmentua kontuan hartu behar da. Horretarako, gure herriko alkate izan direnak mahai batera deitu nahi ditut”.

Ibilbide baten fruitua”

Bozeramaile jeltzalearen esanetan, atzoko garaipena “urte askotako, edo hamarkadetako ibilbide baten ondorio” zuzena da. “Gure alderdiak estuasun handiak igaro ditu Zarautzen. Barne zatiketaren ondoren ia ezerezean gelditzeraino. Askotan egokitu zaigu oposizio lanak egitea. Baina alderdikide, zinegotzi eta hautagai guztien lanari esker, aurrera ateratzea eta alderdia indartzea lortu genuen. EAJ beti egon da hor, zailtasunak zailtasun, apal eta umil, inurriak bezala, gure jendeak dakien bakarra egiten: lana, lana eta lana. Zarautzekiko eta Euskadirekiko konpromisoak eta maitasunak bultzatuta”.

Urte askotak lanak bere fruituak eman ditu”, amaitu du. “Alderdiak erakutsi du oinarri sendoak dauzkala une gogorrenetan. Eta zarauztarrek seriotasun eta konstantzia horiek baloratu dituzte. Horregatik, garaipena beraiena da, eta baita, nola ez, urte askoan gure proiektuko partaide izan direnena ere, eta dagoeneko gure artean ez dauden alderdikide eta aldekoena”.