Urola Kostan EAJ izan da Batzar Nagusietarako ere lehen aukera

Herritar bat botoa ematen igandean. (Gorka Zabalatea/Baleike)

Lehen indarra bilakatu da EAJ Gipuzkoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintzeko aukera asko dituzte jeltzaleek. Lehia estua izan zen igandean EAJren eta EH Bilduren artean azken unera arte Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengoa lortzeko norgehiagokan. Azkenean, EAJ izan da irabazlea; jeltzaleek 112.933 boto eta 18 eserleku eskuratu dituzte; beraz, aurreko legealdian baino lau eserleku gehiago izango dituzte Batzar Nagusietan. Hauteskunde kanpainan zehar EAJk argi utzi du, zenbakiek emanez gero, akordioak bilatuko dituela gainontzeko alderdiekin, EH Bildu aldundiko agintetik bidaltzeko, eta herritarren babesak bidea erraztu dio.

EH Bilduk, bestalde, kolpea jaso du; 36.000 boto eta lau eserleku galdu ditu 2011ko datuekin alderatuz. Aurreko agintaldian 22 eserkelu eta 119.100 boto lortu zituen koalizioak, eta igandean 103.101 boto; beraz, 17 eserleku izango ditu EH Bilduk datozen lau urteetan.

PSE-EEk, berriz, 2011n baino 1.000 boto gutxiago lortu zituen igandean, baina eserleku kopuruari eustea lortu zuen, eta bederatzi batzarkide izango ditu.

Horretaz gain, Ahal Dugu indartsu sartu da Batzar Nagusietan, sei eserlekurekin.

Eskualdean ia 16.000 boto

Gipuzkoan gertatu bezala, Urola Kostan ere EAJk jaso du boto gehien Batzar Nagusiak osatzeko hauteskundeetan: 15.886 boto, hain zuzen ere. 2011ko hauteskundeekin alderatuz, 3.680 boto gehiago eskuratu dituzte jeltzaleek eskualdeko herritarren partetik.

EH Bildu aurreko agintaldian indar nagusia izatetik herritarren bigarren aukera izatera pasa da; 14.299 herritarren babesa lortu du, 2011n baino 2.414 boza gutxiago.

Hirugarren indarrari dagokionez, eskualdean ez da lurralde mailako joera bera jarraitu. Izan ere, sortu berria den Ahal Dugu taldearengan jarri dute konfiantza Urola Kostako 2.799 herritarrek, eta Podemos-Ahal dugu izan da hirugarren aukera Urola Kostan Batzar Nagusietarako hauteskundeetan. PSE-EEk, berriz, beherakada izan du eskualdean, eta laugarren indarra bihurtu da. 2011n 3.035 boto eskuratu zituzten sozialistek; aurten, berriz, 2.517 boto jaso dituzte.

EH Bilduk eta PSE-EEk bezala, Alderdi Popularrak ere beherakada jasan du Urola Kostan Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabakitzeko hauteskundeetan. Agintaldi berrian batzarkide bat izango du PPk, aurrekoan baino bi eserleku gutxiago, hain zuzen ere. Lurralde mailako joera bera nabarmendu da eskualdean ere; 604 boto gutxiago jaso ditu, 2011ko datuekin alderatuz.

Urola Kostako udal eta foru hauteskundeetako emaitzak alderatuta, ez dago aldaketa handirik bateko eta besteko boto aukeren artean. Dena dela, askotan boto gutxi batzuek aldatu dezakete mapa politikoa. Zestoan, adibidez, udal hauteskundeetan EAJ izan da indar nagusia 907 botorekin, baina batzar nagusietarako hauteskundeetan EH Bildu izan da alderdirik babestuena 852 boto eskuratuta; EAJk, berriz, 851 boto lortu ditu.